Korsikako agintearen giderrak, ezkerraren eskuetan

Bucchini komunista da Batzarreko burua, eta ezker muturreko kide Giacobbi Gobernuko liderra

2010eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Frantziako eskualdeetako bozekin batera egin dira Korsikako Lurralde Batzarrerako hauteskundeak, eta ezkerreko indarrek irabazita, kolektibitateko giderrak eskuz aldatu dira. Hala, atzo egindako bozketetan, Dominique Bucchini komunista jarri dute Lurralde Batzarreko presidente karguan, eta ezker muturreko Paul Giacobbi hautatu dute Gobernuko buru. Bi kasuetan, hirugarren bozaldian, eta gehiengo soilarekin gauzatu dira hautaketak.

Lurralde Batzarreko presidente kargurako hautatua izateko, hirugarren bozaldia itxaron behar izan du Bucchinik. Aldi hartan, nahikoak izan ditu ezkerraren 24 botoak. 2004az geroztik kargu horretan zenak eta UMP eskuineko alderdia ordezkatzen zuenak, Camille de Rocca Serrak, 12 boto bereganatu ditu. Horri aurrea hartu dio Femu a Corsica zerrenda autonomistako Gilles Simeonik, 15 botorekin. Izan ere, lehen bi bozketetan lehiatu ondoren, Corsica Libera alderdi independentistako hautagai Josepha Giacomettik hirugarren bozaldian ez lehiatzea erabaki du. Hortaz, Corsica Liberako bost hautetsien botoak gehitu zaizkie Femu a Corsicako 11 kontseilarien botoei.

Ondoren, Kolektibitateko Gobernuko presidentea hautatzeko bozketak egin dituzte. Horretan ere, hiru bozaldi behar izan dituzte PRG Ezker Erradikalak alderdiko Giacobbi izendatzeko. Izan ere, lehen bi aldietan hautatua izateko, hautetsien gehiengo osoa lortu behar da, hots, 26 boto. Giacobbik, baina, ezker batuaren 24 botoak baino ez ditu jaso, Ange Santini UMPkoak 12 boto bereganatu ditu, Jean-Christophe Angelini autonomistak 11 eta Jean-Guy Talamoni independentistak bost.

Batzarreko burua hautatzeko orduan gertatu den bezala, Corsica Liberako hautagaia ez da aurkeztu hirugarren bozaldian-gehiengo soila nahikoa zen horretan-. Eskuineko ordezkariak ere berdin egin du eta, hala, Giacobbik ezkerreko 24 botoekin irabazi dio Jean-Christophe Angeliniri, zeinak autonomista eta independentisten 15 botoak bereganatu baititu. Ororen buru, beraz, Bucchinik eta Giacobbik Korsikako Lurralde Kolektibitatea gobernatuko dute hurrengo sei urteetan, gehiengo soilarekin.

Autonomistei arbuio

Bozen bigarren itzuliaz geroztik, topaketak eta hitz egiteak egon dira Femu a Corsicako autonomisten eta Giacobbiren artean. Hura prest izango zen Simeoni eta Angeliniren jarraitzaileekin aliantza bat osatzera. Alabaina, aukera honen kontra agertu dira Bucchini etaEmille Zuccarelli Korsika Garaiko ezker muturreko buru eta nazionalisten etsai amorratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.