Mundua

Korsikeraren koofizialtasuna onartuko dute gaur

Korsikako Asanblea Nazionalak gaur eztabaidatu eta bozkatuko du korsikera hizkuntza koofizialtzat hartzeko eskatzen duen proposamena. 

Berria.info
2013ko maiatzaren 16a
18:50
Entzun

Ezkerreko zein eskuineko hautetsi ugarik babestu egiten dute korsikera "Korsikako erakunde guztietako eta egitura publikoetako hizkuntza" dela dioen proposamena, eta, beraz, pentsatzekoa da gaur bertan emango diotela koofizialtasun estatusa. Besterik da Frantziako Konstituzio Kntseiluak onarpen horren inguruan ebatzi dezakeena, Konstituzioak argiki baitio frantsesa dela Frantziako hizkuntza ofizial bakarra, euskara, korsikera, bretoiera eta tokiko beste hizkuntza gutxituak Frantziako ondaretzat onartuagatik.  

Korsikera frantsesaren pare. Halaxe geratuko da Korsikan, aukera berdinean, Korsikako Asanblea Nazionalak gaur koofizialtasunaren aldeko proposamena onartzen duenean. Korsikako diputatuek 28 artikuluz osatutako lege proposamen bat bozkatuko dute gaur, korsikera "babestu, sustatu eta alor guztietan haren erabilera estandarizatzeko", eta uharteko lurraldean fransesa eta korsikera parekatzeko. "Egoera berrian, korsikera Korsikako erakunde guztien hizkuntza bilakatuko da", azaldu du txostenaren egile Pierre Ghjongak.

Hiztunei korsikera bizitza publiko eta pribatuan erabiltzeko eskubidea aitortuko zaie, eta uharteko erakunde publiko eta pribatuei betebeharrak eta baliabideak jarriko zaizkie, herritarren hizkuntz eskubideak bete ahal izateko.

Frantziako Konstituzioko 2. artikuluak, berez, ez du koofizialtasunik onartzen, argi baitio frantsesa dela Errepublikako hizkuntza bakarra. Baina 75-1 artikuluan tokiko hizkuntzak, euskara, korsikera, bretoiera eta beste, Frantziako ondaretzat hartzen ditu. Korsikako Asanblea Nazionalak gaur korsikeraren koofizialtasuna onartuz gero, ikusi egin beharko da Frantziako Konstituzio Kontseiluak zer jarrera hartuko duen. Orain arte Konstituzioko 2. artikulua baliatu izan du Europako hizkuntza gutxituen ituna ez berresteko eta estatus ofizialik onartu ez arren ondaretzat hartuak dituzten hizkuntzen garapena mugatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.