KOSOVO. Gerrillari ohi bat izendatu du Pristinak lehen ministro izateko

Balkanetako ordezkariekin bilduko da gaur EB Kosovoren estatusaz eztabaidatzeko

arantxa elizegi egilegor
2006ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Agim Ceku gerrillari ohia eta orain arte Kosovo Babesteko Taldeko buru izan dena aukeratu zuen atzo Kosovoko Legebiltzarrak lehen ministro izateko. Bajram Kosumik zuen aurretik kargu hori; baina, alderdikideen kritikak zirela eta, dimisioa ematea erabaki zuen. Agintean dagoen Kosovoko Liga Demokratikoa (LDK) koalizioaren sostengua jaso zuen Cekuk. Orotara, aldeko 65 boto eta kontrako 33 jaso zituen.

Lehen aldiz, Barne eta Justizia ministerioak Gobernuaren esku egongo dira. 1999az geroztik, UNMIK Nazio Batuen Erakundeko Kosovorako Misioa arduratu da bi ministerio horien lana egiteaz. Aurrerantzean LDK-ko Fatmir Rexhepi izango da Barne ministro berria, eta AAK Kosovoren Etorkizunerako Aliantzako kide Jonuz Salihaj, berriz, Justizia ministroa. Era berean, Sulejman Selimik hartu zuen, Cekuren lekuan, Kosovo Babesteko Taldeko buruzagitza. Oposizioari, baina, ez zitzaizkion aldaketak gustatu, eta «itxurazkoak» soilik zirela salatu zuen.

Independentziaren alde

Kosovoren independentziaren alde arituko dela iragarri zuen Cekuk ekitaldian: «Kosovo guztiona da, eta guztiok batera sortuko dugu guztiontzat etnia kontuan hartu gabe askatasuna, berdintasuna eta goraldi ekonomikoa bermatuko duen gizartea». Serbiarrek, ordea, ez dute nahi Kosovo independente izatea, Serbia eta Montenegroren menpe jarraitzea nahi dute. Legez Kosovo Serbiaren menpe dagoen arren, NBEk administratzen du 1999az geroztik. Horretaz gain, Kroaziako independentzia gerra garaian, serbiarren aurkako gerra krimenak egitea leporatzen dio Serbiak Cekuri.

Bestalde, Salzburgon (Austria), Balkanetako herrialdeetako ordezkariekin bilduko da gaur Europako Batasuna. Bileran, besteak beste, Kosovoren estatusaz eta Serbia Europako Batasunean sartzeaz arituko dira.

agim ceku

(Kosovoko lehen ministroa)

Borrokalari petoa



Armak alde batera utzi arren, borrokan jarraituko du Agim Ceku (Qyshk, 1960) gerrillari ohiak. Oraingo honetan borroka politikoa izango da. Helburua lehengo bera: Kosovoren independentzia. Hogeita hamaika urterekin Jugoslaviako Herri Armada utzi eta bat egin zuen Kroaziako independentzia bilatzen zuten talde armatuekin. Egindako lanarengatik, jeneral kargua eman zioten. 1999an, Kosovo Askatzeko Armadarekin egin zuen bat. Aurrerago, hura desegin eta Kosovo Babesteko Taldea sortu zutenean, berriz, taldeko buru izendatu zuten. Orain lehen ministro izendatu dute. Serbiari, ordea, ez zaio batere gustatu erabakia. Serbiarrek genozidioa eta gerra krimenak leporatzen dizkiote Cekuri. Bitan epaitu zuten horregatik, baina NBEren laguntzarekin, bietan aske geratu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.