Kosovo,

NBEk etengabe atzeratu du probintziaren etorkizuna zehaztuko duen erabakia; albaniarrek tinko eusten diote burujabetza asmoari.

2007ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Kosovoko gatazkari konponbidea ezartzeko erabakia iazko azaroan atzeratu zuen Nazio Batuen Erakundeak izendatutako bitartekariak, Martti Ahtisaarik. Jatorri albaniarra duten herritarrak gehiengo diren probintzia horren behin betiko estatusa finkatzeko Serbiako Legebiltzarrerako hauteskundeen biharamun arte itxarongo zela erabaki zuen Ahtisaarik. Beste atzerapen bat. Berriro ere agerian gelditu zen nazioarteko komunitateak auzi horrekin duen buruhaustea. Datorren ostiralean bere egitasmoaren berri ematekoa da Ahtisaari.

NBEk erabat kontrajarrita eta eta bateraezinak diruditen bi jarreraren artean trenkatu behar du. 1999. urteaz geroztik, nazioarteko erakundearen administraziopean dago Kosovo -bi milioi biztanle inguru ditu-. Serbiako indar politiko gehienak probintzia hau Belgraderen subiranotasunetik bereizi ezinezko lurraldea dela aldarrikatze garaian bat etortzen dira. Belgrad Kosovori gehien-gehienez «autonomia handiago bat» emateko prest egongo litzateke. Kosovoko biztanleen %90k baino gehiagok, bestetik, jatorri albaniarra dute, eta independentzia nahi dute epe laburrean.

Kosovoren etorkizunarentzako bi ikuspegi kontrajarri horiek aurrez aurre egon ziren, bi aldeetako ordezkariak, Martti Ahtisaariren inguruan, iazko uztailaren 24an Vienan (Austria) bildu zirenean. Hitzordua espero baino «giro hobean» igaro zela azpimarratu zuen arren, bitartekariak ondorioztatu zuen Belgradeko eta Pristinako agintarien jarrerak «erabat aldenduta» zeudela. Orduz geroztik etenda egon ziren negoziazioak.



NBE-REN MOTELDURAZ NAZKATUTA. Burujabetasunaren aldeko eragile politiko historiko Ibrahim Rugova zenaren lekukoa hartu duen Fatmir Sejdiu Kosovoko presidenteak. Hark probintziaren independentziaren eskaria berretsi zuen Vienako bileran. Ildo beretik, Kosovoko Legebiltzarreko presidente Kole Berishak ohartarazi zuen, NBEk erabaki bat epe laburrean hartu ezean, Parlamentuak berak bere kabuz aldarrikatuko zuela independentzia.

Agintari politiko hauek, nolanahi ere, Kosovoko herritar gehienek nazioarteko erakundearekiko duten jarrera etsigarria islatzen dute. Kosovoko albaniarrek poztasun osoz hartu zuten NATO Aliantza Atlantikoaren indarrek Serbiako armadaren aurka ekitea 1999ko udaberrian, baita MINUK Nazio Batuen Kosovorentzako Misioak probintziaren gobernu ardura bere gain hartzea ere. Orduz geroztik, baina, giroa nabarmen sumindu da.

Albaniarrek nazioarteko erakundeak independentziarako euren asmoa gauzatzen lagunduko ziela uste zuten.Hortaz, gero eta okerrago jasan dute erakundeak zuhur eta motel jokatu izana. Horren lekuko izan ziren 2004ko martxoan izandako kale indarkeriak. Vetevendosje (erabakitzeko eskubidea) herritar mugimenduko kideek, orduz geroztik ere, tinko eta irmo dihardute nazioarteari presio eginez. MINUK «aginte kolonial bat» besterik ez dela salatzen dute eta beraien irudiko garaia bada Pristinako gobernuak eskuratu ditzan erabakitzeko eskumen osoak. Mugimendu honek erabat arbuiatzen ditu serbiarrekiko negoziazioak. Vetevendosjekezinbestekotzat jotzen du Kosovorentzat baldintzarik gabeko eta berehalako independentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.