Kosovok Serbiako Gobernuari leporatu dio hauteskundeetara deitu duela "gatazka sortzen saiatzeko". Serbiako Gobernuak asteartean jakinarazi zuen Legebiltzarrerako eta udaletako hauteskundeak maiatzaren 6an izango direla, eta, tartean, Kosovoko hainbat herri aipatu zituen, non serbiarrek bozkatzera joan ahal izango duten.
Hashim Thaci Kosovoko lehen ministroak dio erabaki hori "eraso bat" dela, eta iragarri du bere gobernuak legezkoak diren bide guztiak erabiliko dituela hauteskundeak galarazteko.
"Plan honekin Serbia gatazka sortzen ari da, argi eta garbi, Kosovoko Estatuarekin", esan du Thacik.
Kosovo independente aldarrikatu zen 2008ko otsailaren 17an, gehiengoak hala iritzita. Bertako serbiarrak aurka agertu ziren.