Kosovoko Gobernuaren kontrako mozioa onartu dute

Abenduaren 12rako deitu du hauteskundeetara Jakup Krasniqi jarduneko presidenteak

Jon Fernandez.
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Krisi instituzionala zabaldu da Kosovoko politikan. PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoaren gobernuaren kontrako zentsura mozioak aurrera egitea lortu zuen atzo. Parlamentuaren gehiengoak Hashim Thaci lehen ministroaren gobernua kaleratzea erdietsi zuen. 120 aulki ditu Pristinako parlamentuak, baina atzokoan 104 diputatu baino ez ziren agertu. 66k mozioaren alde bozkatu zuten, bakar batek kontra, bik abstentzioa aukeratu zuten, eta gainerako 35 diputatuek ez zuten bozketan parte hartu euren aulkietan egon arren.

Alabaina, mozioaren alde bozkatu zutenen artean Thaci lehen ministroaren alderdikideak zeuden. Joan den irailean Fatmir Sejdiu Kosovoko presidentearen dimisioarekin zabaldu zen krisi politikoa lehenbailehen uxatzeko maniobra izan da PDK-ko diputatuen jokamoldea: zilegitasun gabezia zuten erakundeak desegin eta berriak sortu.

Bozketaren emaitza jakinaz batera, Jakup Krasniqi Kosovoko jarduneko presidenteak parlamentua desegin du eta abenduaren 12rako hauteskundeetara deitu du.

Krisiaren jatorria

Irailaren 22an Sejdiu presidenteak kargua utzi behar izan zuen Auzitegi Konstituzionalaren aginduz. Estatuko presidente kargua eta LDK-ko presidentetza bateraezintzat jo zituen auzitegiak. Dimisio horrek piztu zuen krisi politikoa PDK eta LDK alderdien artean. Sortu den egoera erronka bat da Kosovoko estatu gaztearentzat. Tachiren gobernua bera independentzia aldarrikatu baino hilabete lehenago eratu zen, 2008ko urtarrilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.