Hauteskunde emaitzen lehen datuak Demokrazia Ekinean taldeak zabaldu ditu; beraz, ez dira ofizialak. Horien arabera, PDKren gibeletik LDK Kosovoko Liga Demokratikoa gelditu da, botoen %25 ingururekin. Hirugarren, berriz, Vetevendosje (Autodeterminazioa) alderdia dago, %16rekin. Alderdiek aukeztutako salaketek, ordea, behin betiko emaitzen jakinarazpena atzeratu dute. Demokrazia Ekinean taldeko presidente Ismet Kryeziuk-ek adierazi duenez, salatutako irregulartasunak Thaci jarduneko lehen ministroaren jaioterrian eta eskualdean izan dira. Jaioterrian, Skenderajen, bozen %93 lortu ditu PDK-k, eta Gllogvcen, berriz, %86. Zenbait tokitan, hautesleen zerrendetan izena emana zuen jende kopuruak baino boz gehiago agertu direla salatu dute. Hori «estatistikoki ezinezkoa» eta «logikaren ikuspuntutik zentzugabea» dela salatu du Arben Gashi LDK-ko bozeramaileak.
EBren eta begiraleen kezka
Herenegun bertan, bozak «arrakastatsuak» izan zirela adierazi zuen Hauteskunde Batzordeak. Atzo, Europako Parlamentuko begiraleek ere bide beretik jo zuten. Haien ustez, «ongi antolatuta» egon zen hauteskunde prozesua, eta «giro baketsua» goraipatu zuten. Kosovo «etnia aniztuna» eraikitzeko «bultzada» izanen dira bozak, begiraleen iritziz. Iruzur salaketei dagokienez, «serioak» direla erran dute. Doris Pack begiralearen iritziz, «ezinezkoa» da toki batzuetan bozen %95 baino gehiago alderdi bakarrak irabaztea.
EB Europako Batasuneko mandatari berezi Pieter Feithek adierazi du «ikusitako irregulartasunak etsigarriak» direla. Salaketak ikertzeko eskatu du EBk, gobernu berria «ahalik eta azkarren» era dadin. Catherine Ashton Atzerri Politikarako eta Segurtasunerako goi ordezkariak eta Stefan Fule Hedapenerako komisarioak Kosovoko agintariekin elkarlanean hasi nahi dutela adierazi dute; bertzeak bertze, Kosovoren eta Serbiaren arteko elkarrizketei ekiteko EBren bitartekaritzarekin. Kosovo EBra hurbiltzeko, heldu den urtean lan anitz egiteko dutela adierazi dute. Gaur egun, Eulex izeneko misioa hedatua du EBk Kosovon.
Hain zuzen, Thacik esan du bere garaipenak EBtik hurbilago paratuko duela Kosovo. «Kosovok frogatu du zuzenbideko estatu bat eta demokrazia bat dela. Bozen prozesuak egiaztatu du NATOko eta EBko kide izatea merezi dugula». Azken emaitzek berresten badute Thacik bozen %31rekin irabazi duela, PDK-k ezinen du gobernua bakarrik osatu, ordea. 2007ko bozen ondoren LDKrekin koalizioa egin zuen, baina aukera horri uko egin dio bigarren alderdiak.
Vetevendosje eta serbiarrak
Lehen datuek berretsi dute bozen kanpainan hauteman dena: Vetevendosjeren indarra. Albin Kurtiren alderdia hirugarren tokian jarri dute behin-behineko datuek, eta zeresan handia eduki dezake legegintzaldi berrian. Vetevendosjeren arabera, NATOk eta EBk «kolonia» bihurtu dute Kosovo, eta Albaniarekin batzea eskatzen du.
Serbiar gutxiengoan, berriz, erantzun ezberdina izan du boikoterako deiak, lekuaren arabera. Iparraldean izan du arrakastarik handiena, Serbiako mugan. Hegoalderago, ordea, ohikoa baino handiagoa izan da serbiarren parte-hartzea. Belgradek azken horien jarrera deitoratu egin du.
Soslaia
HASHIM THACIGerrillatik presidentetzara
Serbiako indar armatuek «terrorismo» delituagatik jazarri zioten Hashim Thaciri (Skenderaj, Kosovo, 1968). 1997an, Serbiako auzitegi batek epaiketa egin zion in absentia, eta hamar urteko kartzela zigorra ezarri zion arrazoi horregatik. UCK Kosovoko Askapenerako Armadako buruzagi politikoa izan zen 1990eko hamarkadan; beraz, Serbiak Kosovon zuen etsai nagusienetako bat zen. Gjarperi (sugea) zuen militantziarako goitizena. Gaur egun, ordea, nazioartean bederen, inork ez du Thaci terroristatzat jotzen, bertzeak bertze, gatazka armatuaren bukaeran, irabazleen aldean zegoelako.1999an, NATOren esku-hartzeak Serbiak Kosovon zuen nagusigoa amaitu zuen, eta herrialdearen etorkizuna erabakitzeko negoziazioetan, Kosovoko albaniarren buruzagirik pragmatikoenetakotzat jo zuten mendebaldarrek. UCK-k armak uzteko prozesuan pertsona erabakigarritzat jo zuten Thaci, eta gerrillaren militantzia oinarri hartuta, PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoa sortu zuen. Kosovoren autonomiako lehen urteak oposizioan pasatu zituen, Ibrahim Rugovak zuzendutako LDK Kosovoko Liga Demokratikoaren itzalpean. 2007an irabazi zituen Thacik bozak lehen aldiz, eta haren ospeak 2008an iritsi zuen gailurra, Kosovoko independentzia deklarazioa irakurri zuenean.
Kosovoko Estatuko lehen gobernuaren agintaldiak, ordea, itzal ugari utzi ditu. AEBek eta Europako Batasuneko estatu gehienek Kosovo onartzea lortu zuen, baina NBEko 191 kideetatik 72k onartu dute soilik. Herrialdea egoera ekonomiko larrian dago -%47ko langabezia du-, eta ustelkeria salaketek zikindu dute PDK-ko gobernua.M. R.