Kosovoko lau herrialde serbiarretan erreferenduma egiten ari dira

Independentzia onartu edo ez erabaki arren, ez du legezko baliorik, eta Belgradek ere ez du babesten

Erredakzioa
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Kosovo iparraldean atzo eta gaur serbiarrak nagusi diren lau herritan erreferenduma egiten ari dira, hango biztanleek herrialdearen independentzia onartzen duten edo ez erabakitzeko. Ezezkoa erabatekoa izatea espero dute, eta modu horretara serbiarren jarrera indartzea. Galdeketak ez du legezko baliorik, dena den.

Galdeketara 35.000 herritar inguru deitu dituzte, Mitrovican, Zvecanen, Zubin Potoken eta Lepsavicen: «Kosovo Errepublika deritzonaren instituzioak onartzen dituzu?» galdera da erantzun beharrekoa. Serbiarrak gehiengo dira inguru horretan, eta erreferendumera deitzea erabaki zuten iazko udan istiluak izan ondoren. Serbiarekin mugan diren postuetan ez dituzte Kosovoko albaniar poliziak nahi. Nazioarteko indarrak ere han dira, eta tarteka liskarrak izaten dira.

Mitrovicako alkateak eman ditu erreferendumaren zergatiak. Krstimir Panticen arabera, Pristinak eta nazioarteko komunitateak ezartzen duten presioa gutxitzeko balioko du, haren ustez, lurralde horretako biztanleek zer nahi duten konturatuko direlako, eta, era berean, pentsatzen du Belgraderen jarrera indartzeko balioko duela Pristinarekin dituen negoziazioetan.

Belgraden babesik ez

Belgradek, ordea, ez du babesten erreferendumaren egitasmoa. Beldur da Pristinarekin are gehiago zailduko direla Bruselakbabestuta dauzkaten negoziazio harremanak, eta ez da unerik onena Europako Batasunaren kritikak jasotzeko, martxoan erabaki beharko bailuke Serbia kide egin edo ez. Abenduan Kosovoko iparraldean izandako liskarrengatik ez zuten onartu, hain justu, Serbia kide izateko estatusa. Pristinak, berriz, «Serbiaren legez kanpoko ekintza» izan dela uste du, eta galdeketaren emaitza ere «legez kanpokoa eta onartezina» izango dela adierazi du.

Igandean lau urte beteko dira Kosovok independentzia aldarrikatu zuela, eta, urteurrena gerturatu ahala, bi herrien arteko tentsioa handitzen ari da egunotan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.