Kosovoren independentzia alde bakarrez ez aldarrikatzeko eskatu dio EBk Thaciri

Litekeena da gerrillaburu ohiaren PDK-k eta orain arte agintean egon den LDK-k koalizioa osatzea

2007ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Kosovoren independentzia alde bakarrez ez aldarrikatzeko eskatu diote Europako Batasuneko agintariek asteburuko bozetan gailendu den PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoko buruzagi Hashim Thaciri. Horrek Kosovoko Legebiltzarrerako kanpainan aditzerat eman zuen jatorri albaniarrekoak gehiengo handia diren Serbia hegoaldeko herrialdearen burujabetza aldarrikatuko dutela datorren abenduaren 10etik harat. Egun horretan, nazioarteko bitartekaritza taldeak Kosovoren etorkizunari buruzko ondorioztatzeak aurkeztu behar dizkiote NBE Nazio Batuen Erakundeari.

Thaci buru duen PDK-k ditu boto gehien lortu herrialdearen 120 diputatuak aukeratzeko bozetan. PDK-k botoen %35 bereganatu ditu; eta Ibrahim Rugova buruzagi historikoaren LDK Kosovoko Liga Demokratikoa bigarren geratu da, bozen %22 lortuta. Dena den, adituen arabera, litekeena da Thaciren eta Rugovaren alderdiek koalizio gobernua osatzea.

Bestalde, AKR Kosovo Berria Aliantza gelditu da hirugarren, botoen %12rekin; eta laugarren eta bosgarren, bozen %10 inguru jaso dituzten LDD Dardaniako Liga Demokratikoa eta AAK Kosovoren Etorkizunerako Aliantza. Parte-hartzea %45ekoa besterik ez da izan. Serbiarrak gehiengoa diren eskualdeetan boto egiterik ia batere ez da gertatu. Serbiako Gobernuak bozei boikota egiteko eskatu zien Kosovoko serbiarrei.

Honezkero, UCK Kosovo Askatzeko Armadaren burukide izandako Thaci izango da, ziur asko, 1999. urtetik nazioartearen gerizapean dagoen herrialdeko gobernuburu kargutan izango dena. Datorren abenduaren 10etik aurrera Kosovoko Legebiltzarrak independentzia alde bakarrez ez dezan aldarrikatu eskatu diote Europako Batasuneko agintariek. «Thacik ulertu egin behar du desberdina dela oposizioko burukidea izatea, eta arduraz jokatu beharrean den gobernu bateko buru egotea», nabarmendu du Suediako Atzerri ministro Carl Bildtek, Bruselan EBko diplomaziaburuen bileran sartu aurretik. Blidtek bitartekaritza lanetan jardun zuen Balkanetan 1990eko hamarkada hasieran. «Kosovo, berez, Serbiatik independente dela erran daiteke, baina ez dut uste nazioarteko komunitatetik banandu nahi duenik», gaineratu du Suediako diplomaziaburuak. «Kosovok bere independentzia eskuratu behar luke, baina hori ez da alde bakarrez jokatze baten ondorioz gertatu behar; nazioarteko komunitatearekin hitzartutako independentzia beharko da izan», adierazi du bere aldetik Erresuma Batuko Europako gaietarako ministro Jim Murphyk. «Europarentzat erronka handia da eta ez zaie Ameriketako Estatu Batuei eskatzen ahal gure ordez konpondu dezaten auzia», gaineratu du Murphyk.

Izan ere, Washingtonek argi utzi du Kosovoren independentziari emango liokeela babesa Pristinako agintariek hala aldarrikatuko balute. EBko herrialdeen artean, aldiz, jarrera kontrajarriak daude gertakizun horri begira, gehiengoa, haatik, alde bada ere. Murphyk berak argitu du, hain zuzen ere, EBko 27 herrialdeetatik 22 Kosovoren independentziaren alde daudela, baina beti ere, nazioarteko komunitatearekin hitzartutako prozesuaren barne.



HIRUKOTEAREN AZKEN BI BILERAK.«Uste dut prozesua azken txanpan sartu dadin itxaron behar dugula», adierazi du, anartean, EBko jarduneko presidentetza duen Portugalgo Atzerri ministro Luis Amadok. Azkenik, EBko Atzerri politikarako goi ordezkari Javier Solanak ere eman ditu azalpenak: «Kosovorentzako nazioarteko hirukoteak [AEBak, EB eta Errusia] negoziaketetan jarraitzen du eta bi bilera egitekoak dira oraindik; ororen buru, abenduaren 10eko ondorioztatzeen zain egon behar dugu».

Bitartekari lanak egiten ari den hirukoa Serbia eta Kosovoko ordezkariekin elkartuko dira gaur bertan Bruselan, eta azken bilera Vienan egingo dute (Austria) hilaren 26an. Bilera horietan bi aldeek beren jarrerak hurbilduko dituztenik ez du espero, baina, bitartekaritza taldeko buru Wolgang Ischinger alemaniar diplomazialariak. «Aukera eta bide guztiak aztertu ditugu jada, eta nihork ez dezake esan elkarrizketa horietan ez dugula konponbiderik bilatu», adierazi du Ischingerrek, Bruselara iristean.

Ildo beretik, baina adierazpen dorpeagoz, Thacik zera esan du berriki: «Ehun urtez negoziatuko bagenu ere, ez genuke serbiarrekin hautsi-mautsi batera iristea lortuko».



SosLaIa

Gerrillari ohia garaile

Hashim Thaci
Kosovoko lehen ministrogaia
Gaztea izan arren -39 urte ditu- Kosovoko lehen ministro kargutan aritzeko aukera guztiak dituen Hashim Thacik ibilbide politiko luze eta oparoa du. Kosovon gehiengo zabala osatzen duten jatorri albaniarreko herritarrak independentziaz jabetu daitezen izan da, baina, ibilbide honen betiko ardatza.

Thaci, Kosovoko Drenica eskualdean jaio zen, 1968. urtean. Ikasketak Pristinako Unibertsitatean jarraitzeko aukera izan zuen, eta filosofia zein historia ikasi zituen. Slobodan Milosevicek Kosovoren barne autonomia desegin ondoren, 1988. urteko martxoan, familiarekin Suitzarat atzerriratu zen. Bertan zegoelarik, Kosovoko albaniarren borroka erakundeekin lehen harremanak izan zituen. 1993. urtetik hasita, UCK Kosovo Askatzeko Armada deitutako gerrilla erakundearen gudukariak politika alorrean trebatzen jardun zuen. Kosovon, segurtasun indar serbiar ofizialen eta paramilitarren aurkako erasoetan ardura nagusirik izatea egozten dio Thaciri, eta «terroristatzat» jotzen du oraindik ere Belgradek.

Hori dela eta, Serbiako agintariek nahiko begi txarrez ikusi zuten Rambouillet, eta Parisen 1999ko otsailean eta martxoan, serbiarren eta Kosovoko albaniarren artean, nazioartearen presiopean, egin ziren bake negoziazioetan Thaci partaide izatea. Hizketaldi horiek porrot egin ondoren, NATO Aliantza Atlantikoak oldar egin zien Serbiako indar armatuei. 1999an jada, Kosovoko behin-behineko gobernuburu aukeratu zuten Thaci. Armen poderioz izan ostean, botoaren eraginez bihurtuko da kargu horren jabe berriro ere.­ A.S.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.