Albisteak ez du inor ustekabean harrapatu. Errusiako presidente Dmitri Medvedevek kargutik kendu egin zuen atzo Moskuko alkate Juri Lujkov. Kremlineko buruaren aurkari ahoberoa bihurtu zen azkenaldian alkatea; orain dela gutxi, esaterako, Mosku eta San Petersburgo artean autobide bat egiteko asmoa geldiaraztea bipil salatu zuen Lujkovek. Desafio jarrera batean are urrunago joanda, hilaren hasieran argitaratutako artikulu batean, adierazi zuen Errusiak «presidente adoretsu» baten beharra daukala. Hitz horien asmoa presidentea agintari ahul baten moduan aurkeztea izan zela ondorioztatu dute herritarrek eta politika adituek.
Kremlineko nagusiak ez dio, beraz, azken ahoberokeria barkatu, eta, Errusiako Konstituzioak ahala ematen dionez, alkate kargutik kendu du «presidentearen konfiantza galdu» duela argudiatuz. Lujkovek, beharbada, Vladimir Putin lehen ministro guztiz boteretsuaren babesa espero zuen. Egia da, Medvedev eta Moskuko alkatearen arteko tirabira gero eta biziagoen aurrean, Putinen isiltasunak duda batzuk piztu dituela. Atzo, haatik, Putinek babesa eman zion Medvedevi, Lujkov kargutik kentzeko erabakiarekin bat etorrita.
Anartean, 74 urteko politikari hori agintetik baztertuz, hiriburuaren historiako atal garrantzitsu bat geratuko da atzean. Lujkov duela 18 urte eskuratu zuen alkatetza; tarte horretan, hiriaren itxura erabat aldarazi du, alor orotan berrikuntzak bultzatuz. Haren aurkariek nabarmendu dute diruak usteldutako sistema ilun eta larderiatsu bat eratu duela. Lujkovek behin eta berriro debekatu ditu oposizioaren protestak, eta homofoboa dela argi utzi du eresarritan. Haren emazte Elena Baturina enpresaria da, berriz, Errusiako andere aberatsena. ALLANDE SOKARROS
Kremlini oldartu zaion ahoberoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu