Krisia Ukrainan

Krimeak erabakitakoa onartuko du Errusiak

Sergei Narishkin Dumako presidenteak baieztatu du Krimeako Errepublika Autonomoak "libre eta demokratikoki erabakitakoa" babestuko duela. Hilaren 16an egingo dute galdeketa: Errusiari batzea edo Ukrainan autonomia zabal bat izango dira aukerak.

mikel rodriguez
2014ko martxoaren 7a
10:56
Entzun

Ukrainarekiko gatazka politikoaren tempo-a bizkortzeko asmoa dauka Krimeako Errepublika Autonomoak, egintza bururatuen taktikaren bidez; hau da, Ukrainako aginte berriak eta babesletzat daukan Mendebaldeak desegiteko hagitz zail izanen dituzten erabakiak hartzearen taktikarekin. Krimeako Parlamentuak aho batez onartu zuen atzo penintsula Ukrainaren zati izateari utzi eta Errusiako Federazioaren zati bilakatzea. Gainera, autonomiaren inguruan egin behar zuen erreferenduma ez da hilaren 30ean eginen, 16an baizik, eta, hain zuzen, galdeketaren xede nagusia jada ez da izanen autonomiaren inguruan erabakitzea. Parlamentuaren erabakia "berrestea" izanen da helburua, Ruslan Temirgaliev Krimeako lehen ministrordearen arabera.

Ez autonomia handiagoa, ez aldebakarreko independentzia deklaraziorik ere; Errusiaren parte izan nahi du Krimeako botere autonomoak. "Ukrainako gure agintari ez-legitimoek behin eta berriz gu mehatxatzeari utziko baliote, agian lehengo bidetik joanen ginateke", adierazi du Sergei Tsekov parlamentuko presidenteordeak. 78 parlamentarik eman dute Errusiari batzearen aldeko botoa, eta zortzik abstentzioa —berez 100 diputatu daude—. Temirgaliev lehen ministrordeak espero du erreferendumean Krimeako bi milioi herritarren %70ek batzearen alde bozkatzea. "Bertzela parlamentua desegin eginen litzateke, ez lukeelako herritarren konfiantza izanen".

Erreferendumak bi galdera izanen lituzke. Bata, parlamentuak babestutakoa —"Ados zaude Krimea Errusiari batzeko, Errusiako Federazioaren zati eratzaile gisa?"—; eta, bertzea, Ukrainan gelditu nahi dutenei aukera bat irekitzeko, baina gutxieneko estatusa erabateko autonomia izanen dela bermatuta —"Ados zaude Krimeako Errepublikaren 1992ko Konstituzioa berrezartzearekin, Krimea Ukrainaren zati izanda?"—. 1992ko konstituzioak estatu baten botereak ematen zizkion errepublika autonomoari —presidente bat eta atzerri politika propio bat barne—, baina bertan behera utzi zuen Kievek. Gehiengo sinplea lortuko duen galderak irabaziko du.

Tatariarrek, boikota

Vladimir Konstantinov parlamentuko bozeramailea Moskura joatekoa da. Baiezko erantzuna espero du, eta Kremlinak lehenbailehen hastea batasunerako prozedura juridikoa. Vladimir Putin Errusiako presidentea ez da mintzatu, baina hasi da gaia aztertzen, Dmitri Peskov bozeramaileak adierazi duenez. Hala ere, Putinek Krimea batzeko tresna juridikoak aurki eduki litzake eskura, bertze herrialde baten lurralde bat bereganatzeko legezko prozedura erraztea helburu duen araua datorren astean onartu bailezake Dumak. Sobietar Batasuneko kide izan ziren estatuetako biztanleei Errusiako herritartasuna lortzeko prozedura erraztea xede duen lege proposamena ere prestatzen ari da Kremlina.

Oleksandr Turtxinov Ukrainako jarduneko presidenteak Krimeako Parlamentua desegitea erabaki du, baina praktikan horrek ez du ondoriorik izanen, penintsula indar armatu errusiazaleek baitute kontrolpean. Krimeako herritarren %60 inguru errusiar etniakoak dira, eta segurutzat jotzen da Errusiarekin batzearen alde agertuko direla. Gutxiengo etnikoek, ordea, errezeloa agertu dute. Tatariarren —%12 dira— Mejlis erakundea mintzatu da gogorren. Boikoterako deia egin du, Errusiaren menpe geratuz gero tatariarrek iraganeko errepresioa pairatuko duten beldur dela baitio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.