Krisi hotsak Esquerran

Joan Puigcercosek alderdiaren esku utzi du presidente kargua; Kontseilu Nazionala abenduaren 18an bilduko da erabakitzeko. Ernest Benach Kataluniako Parlamentuko presidenteak uko egin dio bere aulkiari

Jon Fernandez.
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Bi egun behar izan dira joan den igandeko Kataluniako hauteskundeetan ERC Esquerra Republicana de Catalunyak izan zuen hondoratzearen ondorioak bistaratzen hasteko. Guztizko norabide aldaketa egin du Esquerrako buruak bi eguneko tartean. Igande gauean esandakoaren kontra, atzo arratsaldean, Joan Puigcercos presidenteak bere kargua alderdiko Kontseilu Nazionalaren esku uztea erabaki duela iragarri zuen bere blogean, A disposar! (Besteen esku!) izenburupean argitaratu zuen sarreran. Ordu pare bat geroago, Ernest Benach Kataluniako Parlamentuko presidente ohiaren blogak ekarri zuen bigarren albistea. La decisió mes difícil (Erabakirik zailena) goiburudun testuan parlamentuko aulkiari uko egingo diola aurreratu zuen.

«Oso zigor gogorra jaso du Esquerrak hauteskundeetan. Onartzen dut, eta neure gain hartzen dut», dio Puigercosek bere blogeko lehen lerroetan. Astelehenean esana zuen Esquerrako buruzagiak bere alderdiaren estrategiak aldaketak behar zituela, hala ere, zuzendaritza batzordeak alderdiaren gidaritzapean jarraitzeko babes osoa eman ziola zioen kazetarien aurrean. Atzoko adierazpenean azaldu duenez, ostera, hainbat biltzar izan zituen Puigercosek astelehen eta asteartean bai zuzendaritza nazionalarekin bai alderdiko lurralde ordezkariekin. Bi egunetako iritzi trukeen emaitza da atzo Puigercosek eginiko adierazpena: «Jakinarazi nahi dut nire Esquerrako presidentzia kargua Kontseilu Nazionalaren esku uztea erabaki dudala». Alderdiko organo gorena abenduaren 18an da biltzekoa, eta bertan erabaki beharko dute nork gidatu beharko duen Esquerrak aurrerantzean hartu beharreko norabide berria.

«Neure burua gogotsu eta indartsu ikusten dut azken hauteskundeetako emaitzen ondorioz sortu den egoera zuzentzeko», dio Puigcercosek, «baina Kontseilu Nazionaleko adiskideek euren konfiantza ukatzen badidate, pausu bat atzera egin eta Esquerrako proiektuaren alde lanean jarraituko dut oinarri-oinarriko militantziatik. Ikas dezagun Macia eta Companysen oinordeko duin izaten».

Abenduaren 18ra bitartean Esquerrako jarduneko presidentea izango denak hiru arrazoi eman ditu hauteskundeetan herritarrengandik jasotako zigorra azaltzeko. Kalterako lehen faktorea azken Kongresu Nazionalean irudikatutako barne haustura ukaezina izan da: «Guztion arduragabekeria izan zen». Bigarrena, Jose Montilla presidente egitea, «gure hautesleen zati handi batean errefusa gogorra sortu du horrek». Azken faktore kaltegarria, Puigcercosen arabera, gobernu eginkizunak lehenestea, «jarduera horrek gobernura ekarri gintuen epika nazionala eklipsatu baitu».

Dimisio eske

21 eserlekurekin parlamentuko hirugarren indarra izatetik, hamar aulkirekin bosgarren indarra izatera pasa zen igandean Esquerra, PP eta ICVren atzetik.

Barne gatazkak azaleratzeko bidea zabaldu zen atzo alderdian. «Puigercos bera izan da porrota alderdiarentzat». Espainiako Senatuan Esquerrako bozeramale Carles Boneten hitzak dira. Presidentearen «berehalako dimisioa» eskatu du Bonetek. Bere ustez, astelehenean bertan eman behar zuen dimizioa, «bere kargua faltsuki alderdiaren esku utzi beharrean, berriz ere bere burua lider aldarrikatzeko asmoz». Josep Lluis Carod-Roviraren ildokoa da Bonet, eta gogorarazi dio Puigercosi «amortizatuta zegoelako» baztertu zuela berak Carod-Rovira. Bere ustez, igandeko bozetan frogatu da «Puigercosen apostuak ez duela funtzionatu».

Bestalde, azken zazpi urteotan Kataluniako Parlamentuko presidentea izandako Ernest Benach ez da gehiago parlamentuan eseriko. Hala erabaki eta jakinarazi du bere blogean, igandeko «emaitza txarrak» irentsi eta hausnarketa egin ostean. Bera baino hogei urte gazteagoa den Pere Aragonesek hartuko du haren lekua.

«Hauxe da herriarentzat lanean jarraitzeko unea, baina beste arlo batetik, beste konpromiso maila batekin, eta horregatik, ez dut Kataluniako Parlamentuan dagokidan eserlekua beteko». Bere ustean, «aldaketa lasaia egin beharko du alderdiak, barne gatazkarik sortu gabe».

Adierazi duenez, «erabaki oso pertsonala eta oso hausnartua» da, «eta, jakina, igandean Esquerrak izandako emaitzekin herritarrek bidali diguten mezuari lotua». Erabaki pertsonala dela esan arren, baliteke aurrerago Benachen ildo berekoak diren hainbat alderdikidek ere (oraindik orain Generalitateko presidenteorde den Carod-Roviraren ildokoak ziren berberak) bide bera jarraitzea.

Koalizio berrietarako prest

Joan den igandean Esquerrak izandako emaitzek bestelako erreakzioak ere sortu ditu alderdian. Bartzelonako alkatetzarako maiatzean egingo diren bozetan Esquerrako hautagai Jordi Portabellak, esaterako, independentisten arteko koalizioa eratzeko deia luzatu die udal hauteskundeetara aurkezteko asmoa duten «alderdi progresista eta independentistei».

«Parlamentuan sartzeko nahikoa da bozen %3 eskuratzea; Bartzelonako Udalean sartzeko, berriz, %5 behar da. Eta orain denok dakigu zenbateko babesa dugun», dio Portabellak. «Hobe da beti elkarrekin joan eta batzea, botoa zentrifugatzea baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.