Krisi politikoa gainditzeko bozak aurreratu ditu Irakeko lehen ministroak

Buruzagi xiitak boterea bereganatzen ahalegintzea leporatu dio Al-Iraqiya koalizio sunitari

2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Alderdi sunitetatik nahiz xiitetatik behin eta berriz altxatu dira ahotsak bozak aurreratzeko eskatuz. Nuri al-Maliki lehen ministroak zuzentzen duen batasun gobernuko kideen konpondu ezina erabatekoa da, eta Irakek duen krisi politikoari aurre egiteko bide bakarra herritarrak berriz ere bozkatzea dela uste dute alde batekoek zein bestekoek. Hori horrela, Al-Malikik adierazi du hauteskundeak aurreratzera «behartu» dutela. Herritarrei egoera politikoa eta esperientzia demokratikoa garatzeko hitza emango diela iragarri du. Hori noiz izango den, dena den, ez du zehaztu lehen ministroak.

Osama al-Nuyaifi legebiltzarreko presidenteari eta Al-Irakiya koalizio sunitako kideari berari eta haren taldeari botere legegilea murrizten ahalegintzea leporatu dio buruzagi xiitak. 2010ean batasun gobernua ekarri zuen Erbil akordioa legebiltzarreko presidente gisa sinatu zuela gogorarazi dio, «eta ez alderdi bateko ordezkari bezala».

Azken hilabeteetan gobernuko bloke sunitaren eta xiitaren arteko tentsioa areagotu egin da.2010eko martxoko bozetan inork ez zuen bakarka agintzeko adina botorik lortu, eta bederatzi hilabetez hutsik egon zen gobernua. Azkenik, hiru fakzio nagusiek —xiitek, sunitek eta kurduek— batasun nazionaleko gobernua eratu zuten, baina, hasieratik liskarrez jositako agintaldia izan da.Abenduan, Tarik al-Haxemi Al-Irakiya koalizioko kide eta Irakeko presidenteordearen atxiloketa aginduak are gehiago gaiztotu zuen harremana. «Ustez terrorismo delituak» egitea leporatu zioten, eta horrek Iraken menpeko Kurdistanen hartu zuen babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.