I az abiatu zen, atzoko egunarekin, halako batean Europako Batasuneko 27 estatuetako buruzagiek onespena emanda, Lisboako Ituna, Konstituzioa ordezkatu behar zuenaren erreforma instituzional iluna, herritarren sostengurik gabea eta eztabaidan jarritakoa. Urtebetera ere, ospakizunetarako suziri handirik botatzeko arrazoirik ez dago. Testuak agindu duen«Europa gardenago, demokratikoago eta eraginkorragorik» ez da nabari, eta aurreikusi ez zuten krisia gainera etorri zaio beharretara eta berrikuntzetara moldatzeko arazoak dituen EBko egitura tzarrari. Europa batuarenak krisi ekonomikoak duen irtenbidea baino zailagoa dirudi.
Munduari Europaren berezko ahots boteretsua emateko helburuari begiratuta, esanguratsua da Lisboako Ituna abiatu eta lehen hiruhilekoan Europako Batasunak eta AEBek goi bilera egitekoa zutela, baina Barack Obamak bertan behera utzi zuen «zeregin garrantzitsuagoak» zituelako. Hark emandako arrazoia zen gauza gehienetan ados daudela. NATOk duela bi aste eskas egin zuen Lisboako bilera baliatu zuen Europakoekin hitz egiteko, bi hitzorduak bidaia berean eginez.
Atzerriko Europaren ahotsak AEBek gidatutako politikaren menpekoa izaten jarraitzen du, eta ez herriek adostasunean sortu dutenaren baitakoa, baina hala balitz ere, atzerriko diplomazia sendoa izanda ere, gaur egun ez du arrazoirik ematen pentsatzeko EBk atzerrian mundu justuago bat marrazteko irtenbideak emango lituzkeela. Dena dela, funtsik gabeko politika eginez hasi zen eta hala jarraitzen du, horretarako pertsona moldagarriak aukeratuta: Herman van Rompuy eta Catherine Ashton. Europako Batasuna indartzeko baino gehiago,Alemaniak eta Frantziak euren eskakizunetara bideratzeko egokienak dira.
Ijitoen afera
Ahots bakarra, atzerrian bezala, Europako Batasunak barnean eztabaidatu dituen gaietan ere ezinezkoa da, estatuen interesak lehenetsi dituztelako. Frantzian ijitoekin gertatutakoak erakusten du Lisboako Itunaren ezintasuna estatu batek erabakitzen duenaren kontra egiteko; estatu boteretsuenetako bat denean, behintzat. Frantziak hamar mila ijito kanporatu zituen iaz, eta aurten jada beste zortzi mila deportatu ditu Errumaniara eta Bulgariara. Lisboako Itunaren hainbat artikulu urratuta egin du aurrera. Kanporaketa kolektiboak debekatzen ditu itunak, aniztasun kulturalaren eta askatasunez mugitzeko eskubidearen alde egiten du teorian. Baina Europako Batasunak ez du neurririk hartu, ez auzibiderikhasi erabaki horren aurka.
«Populismoaren itzuleraz» ohartarazi du Jacques Delorsek, Europako Batzordeko presidente izandakoak. Estatuen interesek eta haietako «buruzagien arduragabekeriak» Europan hazten ari den eskuin muturraren politiken menpera jartzeko arriskua dagoela iruditzen zaio, krisi ekonomikoari ematen ari zaion irtenbidea «basatia» dela, eta ezkerrera jartzen diren alderdiak banku nagusiak babesteraino heldu direla, haien maileguak behar dituztelako.
Lisboako Itunaren bultzatzaileak, 27 estatuetako buruzagiak, «pozik» daude urtebetean egin duen ibilbidearekin, beste modu batera ezin izan zitekeen bezala. EBko ehun bat funtzionario eta adituren ustez, Lisboako Itunak27 ordezkariek batera aritu behar izanaren eraginkortasunari oinarriak jarri dizkio. «Instituzio guztiak indarberritu dira, eta EBren posizioa hobetzeko dinamikak sortu ditu», Jiri Schneider Txekiako Atzerriministrordearen ustez. Pragan egin dute itunaren balantzea egiteko konferentzia, paradoxikoki erreformari oztopo gehien jarri zioten herrialdeko ordezkariek.
Erronka handiena, haien ustez, kideetako batzuek dituzten diru arazoei aurre egiteko modua topatzea izango da. «Duela urtebete ez genuen espero horren azkar krisi bati aurre egin beharko genionik». Horrek esan nahi du Lisboako Ituna aldatzeko moduak ikusten hasi direla, herri bakoitzean erreferendumen bide luzea saihestuz aldaketak gauzatzeko modu dinamiko baten alde- oztoporik gabe aldaketak eginahal izateko-. Van Rompuyren arabera, «erreforma mugatua» izango da, «baina herrietako prozedura geldoetan erabaki behar izan gabe». Krisi ekonomikoaren aurrean hainbat herri estutzeko proposamena Alemaniaren eta Frantziaren eskutik dator, bi herri horien nagusitasuna areagotuz.
Gorabeherak hasi aurretik
Lisboako Itunak aro bati eusten dion esparru juridiko berria du, itxuraz. Zortzi urtean egindako ahaleginek eman zuten azkenean EBko erakundeak erreformatuko zituen ituna. Berandu, gehiegitan atzera eginda eta salbuespen askorekin sartu zen indarrean. Poloniak, Txekiak, Erresuma Batuak eta Irlandak berresteko onartutako erreserbekin.
Horren aurretik ateratzerik izan ez zuen Konstituzioaren edukia jasota egin du ere aurrera-adituen arabera, Konstituzioko edukiaren %95 jasotzen du Itunak-. Herbehereetan eta Frantzian Konstituzioak jasotako ezezkoak eragin zuen krisiari irtenbidea herrialdeetako legebiltzarretara eramatea izan zen, Konstituzioa erreformatu etaitun bilakatuta. Tratatua ulertzeko aukera gutxi ematen duen testua jasotzen du Lisboako Itunak, burokraziak eta politikak herritarrengandik aldenduz sortu duten egitura bultzatu du, eta aurrera haien babesik gabe egiteko ahalmena.
Herritar gehienek ez dakite ituna zer den, ezta existitzen zenik ere parlamentuetan onartu zutenean, eta noski, gutxiago, hark dituen eragin ekonomiko, sozial eta ekologikoak.
Krisi zahar eta berrien Europa
Europako Konstituzioak huts egin zuen, eta hura ordezkatzera etorri zen iazko abenduan Lisboako Ituna; baina, urtebetean, egitura handiegia duela erakutsi du, arazoak konpontzeko gaitasunik gabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu