Krisia heldu da Defentsa Ministeriora

Erresuma Batuak %8 gutxituko du segurtasunerako aurrekontua datozen lau urteetan

Erredakzioa
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek argi utzi nahi izan du erabakiak ez duela zerikusirik krisiarekin, eta azken helburua «herrialdearen segurtasuna bermatzeko modua aldatzea» dela. Oposizioak, ordea, ez ditu sinetsi gobernuburu kontserbadorearen argudioak, segurtasunarekin jokatzea egotzi diote. «Ez da estrategia sinesgarria. Gastuak gutxitu nahi izan ditu defentsa berritzeko aitzakian», gaitzetsi du Ed Miliband buruzagi laboristak.

Lehen ministroaren egitasmoaren arabera, aireko eta itsasoko armadek 5.000 soldadu gutxiago izango dituzte 2015erako, eta 7.000 gutxiago lurrekoak. Defentsa Ministerioan, berriz, 25.000 lanpostu murriztuko dituzte. Horretaz gain, hasieran iragarritakoa baino hegazkin gutxiago egingo dituzte, eta, beraz, 2019ra arte hegazkinontziak hutsik egongo dira.

«Zentzugabea»

Cameronek erreforma defendatu du, esanez Erresuma Batuak barne produktu gordinaren %2 defentsara bideratzen jarraituko duela eta, beraz, munduko laugarren indar militarra izango dela murrizketak eginda ere. Oposizioak, baina, «zentzugabetzat» jo du proposamena. «Zein da hegazkinontzi baten helburua hegazkinik eraman ezin badu? Benetan kezkagarria da jakitea hamarkada batez ez dugula itsasontzi batetik aireratzeko gai den hegazkin bakar bat ere edukiko. Erabaki okerra da», ohartarazi du Jim Murphy laboristak.

Murrizketak jasango ez dituen armadaren adar bakarra Afganistanen dagoena da. Erresuma Batua da, Ameriketako Estatu Batuen atzetik, herrialde hartan soldadu gehien duen nazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.