IRANGO KRISI NUKLEARRA

Krisia konpontzeko negoziatzera deitu du IAEAk Teheran

Nazioarteko begiraleek Isfahango zentral nuklearrean jarritako zigiluak 24 ordu barru kendu egingo dituela ohartarazi du Irango Gobernuak

Erredakzioa
2005eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Negoziazioekin jarraitzera deitu zuen atzo IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Irango Gobernua. «Krisiak okerragora egitea saihestu behar dugu», ohartarazi zuen erakundeko buru Mohamed el Baradeik. Uranioa aberasteko programa berriz martxan jarriko zuela iragarri zuen herenegun Teheranek. Hori zela-eta, larrialdiko bilera egin zuten atzo IAEAko kideek. El Baradeiren esanetan, prozesu nuklearra etetea ez da derrigorrezkoa, baina bai konfiantza sortzeko beharrezkoa. «Hau guztia izualdi txiki bat besterik izango ez den itxaropena dut». Aldiz, Lerrokatu Gabeko Herrialdeen eta Iranen beraren arabera, TNP Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunak ez du debekatzen uranioa helburu baketsuetarako aberastea.

Hasieran bost estatuk Ameriketako Estatu Batuek, Errusiak, Txinak, Erresuma Batuak eta Frantziak sinatu zuten ituna. Baina 1995ean indartu egin zen TNP, 173 herrialdek arma nuklear gehiago ez egitea onartu zutenean, beti ere, bost potentzia nuklearrek euren meategia murriztuz gero. Geroztik, ordea, herrialde horietako batzuk arma nuklearrak egiten ari zirela salatu izan du nazioarteak. Israel edo Ipar Korea kasu. Teheranen kasuan, hamar urtean arma nuklearrak egiteko prest izango zela salatu zuen Washingtonek. Iranek, aldiz, ez zuela halako asmorik erantzun zion. Malaysiako enbaxadore Rajman Hussainek IAEAren bileran azaldu zuenez, energia nuklearra helburu zibiletarako erabili ahal izatea oinarrizko eskubidea da. «Herrialdeen betebeharren eta borondatezko konpromisoen artean desberdindu behar dugu. Iranek borondatez hartu zuen prozesu nuklearra eteteko erabakia, ezin dugu orain hori ez betetzeagatik zigortu».Aldiz, AEBetako ordezkari Greg Schulteren esanetan, Washington eta Brusela kezkatuta daude, Iranek hartu duen bidea dela eta. «Ezin diogu Irani nazioarteari emandako hitza apurtzen utzi eta ezin diogu arma nuklearrak egiten utzi». Arma nuklear bat jaurti duen herrialde bakarra izanik, ezin diola inori zer egin behar duen agindu esanez erantzun zion Malaysiako ordezkariak. Gaur berriz bilduko dira IAEAko kideak, eta hasieran Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura jotzeko aukera aipatu bazuten ere, zenbait iturriren arabera, aukera hori baztertu egin zuten agintariek. Hala ere, ebazpen berria orain artekoak baino gogorragoa izango zela iragarri zuten.

Zentrifugatzaileak

Duela hiru urte Iranen programa nuklearra argitara atera zuen Alireza Jafarzade disidente politikoak, Teheranek 4.000 zentrifugatzaile egin dituela salatu zuen atzo, NBEk baimendutako kopurua baino 25 aldiz gehiago. Haren esanetan, zentrifugatzaileak Natanzeko zentralean jartzeko prest daude jada. IAEArekin lortutako hitzarmenaren arabera, Iranek ez zituen zentrifugatzaile gehiago egingo. Uranioa aberasteko erabiltzen dira aparatu horiek. Aberastutako uranioa bake helburuetarako, nahiz arma nuklearrak egiteko erabil daiteke.

Bestalde, 24 orduren buruan IAEAk Isfahango zentral nuklearrean jarritako zigiluak kenduko zituztela iragarri zuen atzo Irango ordezkari Sirus Nasserik. «Ez dago uranioa aberasteari uzteko inolako arrazoirik. Europak erregai nuklearrari buruzko akordioren bat lortu nahi badu, gu negoziatzen jarraitzeko prest gaude».

Protestak Vienan

Irango Erresistentziaren Kontseilu Nagusiko kideak Vienan, IAEAren egoitzaren aurrean, bildu ziren atzo Teherango gobernuaren aurka protestatzeko. Taldeko buruzagi Shahin Gobadiren esanetan, Iran NBEko Segurtasun Kontseilura eramatea da haien xedea. «Terrorismoa bultzatzen duen herrialderik arriskutsuenak arma nuklearrak garatzeak, orain artekoak baino egoera arriskutsuagoak eragin ditzake».

Horretaz gain, azken hilabetean Iranek okupatutako Kurdistango lurretan 26 pertsona hil direla salatu zuen atzo KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoak. Oshnavien, Bokanen, Marivanen, Sakezen eta Sanandakhen izandako manifestazioetan izandako borroketan hil ziren guztiak. Horietaz gain, Poliziak ehunka manifestari zauritu eta2.000 inguru atxilotu zituen.

Krisiaren nondik norakoak





2002ko abuztua: Nazio Batuen Erakundeari jakinarazi gabe, Natanzen uranioa aberasteko zentral nuklearra eraikitzen eta Araken ur astuneko erreaktorea jartzen ari zirela salatu zuten disidenteek.

2002ko iraila: Lehen erreaktore nuklearra eraikitzen hasi ziren Bushehrren.

2002ko abendua: Natanzen eta Araken uranioa aberasteko guneak zeudela berretsi zuten satelitez hartutako irudien bidez. Suntsipen handiko armak egiteko asmoa izatea leporatu zion Washingtonek Irani. Hark herrialdean sartzen utzi zien IAEAko begiraleei.

2003ko iraila: IAEAk astebeteko epea eman zion Teherani, ez zela arma nuklearrak egiten ari frogatzeko.

2003ko azaroa: Uranioa aberasteko programak eten eta ikerketa sakonagoa egiteko baimena eman zien begiraleei Teheranek.

2004ko ekaina: Prozesu nuklearra ikertzeko lanetan lagundu nahi ez izatea leporatu zion IAEAk Irani.

2004ko azaroa: EBrekin hasitako negoziazioetan onartu bezala, bertan behera utzi zuen Iranek uranioa aberasteko programa.

2005eko abuztua: Krisi nuklearra bukatzeko Bruselaren proposamena atzera bota zuen Teheranek eta Isfahango zentral nuklearra martxan jarri zuen, hitzarmena hautsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.