Erresuma Batua

Krisia piztu du Johnsonen aholkulari baten jarrerak eta gobernuaren erantzunak

Lehen ministroaren aholkulari Dominic Cummingsek berrogeialdia urratu zuen. Eskoziarako Estatu idazkariak dimisioa eman du, ez dagoelako ados gobernuak krisia kudeatu duen moduarekin.

Jonhsonen aholkulari Dominic Cummings, artxiboko argazki batean. WILL OLIVER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 26a
13:51
Entzun

Boris Johnson lehen ministroaren aholkulari Dominic Cummingsen emazteari berrogeialdia ezarri zioten koronabirusa diagnostikatu ostean, eta berdin Cummingsi berari ere, sintomak atzeman eta gero. Cummingsek, ordea, itxialdia urratu zuen, 4 urteko semea Londrestik 400 kilometrora bizi diren senide batzuengana eramateko. Cummingsen bidaiaren berri zabaldu zenean, aholkulariak berak onartu zuen bidaia egin izana, baina nabarmendu zuen badirela itxialdia urratzeko moduko «salbuespenak». Aldi berean, barkamena eskatu zuen lehen ministroari bidaiaren berri ez emateagatik.

Gobernuak ontzat eman zuen Cummingsen azalpena, eta ez zuen argibide gehiagorik eskatu. Baina Cummingsen erantzunak eta Johnsonen gobernuaren jarrerak bestelako ondorioak ere eragin ditu. Horietatik azkena Eskoziarako Estatu idazkari Douglas Rossen dimisioa izan da.

Rossek ontzat eman ditu Cummingsen azalpenak, baina ez gobernuaren erreakzioa: «Beste jende askok ez du izan askatasun bera. Badira senideei agur esan ezin izan zieten diputatuak, elkarrekin negar egin ezin izan zuten familiak, edota gaixo zeuden senideei bisitarik egin izan ezin zietenak, gobernuak ezarritako arauak bete zituztelako. Horiei ezin diet esan oker zeudela».

Johnsonen gobernuak ez du adierazpenik ez du egin Rossen dimisioaren inguruan, baina eskerrak eman dizkio «orain arte egindako lanarengatik». Cummingsen kontrako kritikei dagokienez, berriz, haren erabakiak eragindako haserrea ulertzen duela esan du Johnsonek, baina iragarri du ez duela kargutik kenduko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.