Krisiak ehun egun bete ditu Hondurasen

Adiskidetzea sustatzeko, AEEko kide diren dozena bat estatutako ordezkariek Hondurasera bidaiatuko dute gaur

2009ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Kargutik kendutako presidenteak, Manuel Zelayak, Brasilgo enbaxadan jarraitzen du. Roberto Michelettik, de facto-ko gobernuko buru. Nazioarteak presio egiten dirau estatu kolpearen ondotik eratutako aginteari. Eta Honduras, horren guztiaren ondorio gisa, krisi politikoan dago oraindik. Hala, estatu kolpea eman zutenetik ehun egun bete dira; horixe gogorarazi zuen atzo Zelayak berak, babes hartu duen enbaxadatik. Bide batez, gainera, krisiari amaiera emango dion akordioaren alde egin zuen: «Nazioko eta nazioarteko zuzenbide esparruaren barnean, lehenbailehen San Jose akordioa izenpetu dezaten eskatzen diet bi aldeei».

Gaurtik aurrera izango dute horretarako aukerarik; AEE Amerikako Estatuen Erakundeko kantzilerrak, izan ere, gaur iritsiko dira Hondurasera. Adiskidetze prozesua sustatzea dute helburu nagusi. Eta Zelayaren eta Michelettiren ordezkariek berriro elkarrizketak hasiko dituztela jakinarazi dutenetik, negoziazioetan parte hartzeko gonbita ere egin die de facto-ko gobernuak. Hala, krisiari aurre egiteko elkarrizketetan «ohorezko lekuko» izango direla adierazi du Roberto Michelettik.

Dena dela, gonbita ez da baldintzarik gabea. Negoziazio mahaian eseriko badira, izan ere, jarduneko gobernuarentzat «onartzeko modukoak» ez diren irtenbideak baztertzeko eskatu die estatu kolpearen aldeko presidenteak: «Onartuko ez ditugun proposamenak egiteko asmoz ez daitezela hona hurbildu; ez baititugu onartuko, iraganean aintzat hartu ez ditugun modu berean».

Haatik, Michelettik begi onez ikusi du AEEko kide diren dozena bat herrialdetako ordezkariek Hondurasera egingo duten bidaia; etaedonori ateak zabaltzeko prest dagoela erakusteko asmoz, gauza bera egiteko aukera eman dio «mundu guztiari». «Brasilen enbaxadatik indarkeriarako deia egiten ez duten artean, Hondurasen bakea eta lasaitasuna nagusi direla ohartuko dira hala», uste du de facto-ko presidenteak.

Michelettiren «azpijokoak»

«Azpijokoetan ez erortzeko, kontuz ibil daitezen eskatzen diogu AEEren ordezkaritzari». Kantzilerrek euren bisita hasi baino bi egun lehenago setio egoera bertan behera uztea ez da kasualitatea. Ez hori bakarrik, estatu kolpearen alde daudenen «amarrua» delakoan dago Zelaya.

Joan den irailaren 26an onartu zuen Michelettik herritarren oinarrizko eskubideak behin-behinean indargabetzen dituen dekretua. Eta setio egoera indarrean egon den bitartean -herenegun bota zuten atzera dekretua- dozenaka herritarrei eraso larriak egin dizkietela salatu du kargutik kendutako presidenteak. Dena dela, susmo txarra hartzen dio AEEren misioa hasi bezperan Michelettik halako erabakia hartu izanari. Hala, de facto-ko gobernuak agertu nahiko duen errealitateaz ohartarazi die Zelayak; haren «azpijokoetan» eror ez daitezen.

Hala eta guztiz ere, kargutik kendutako presidenteak ontzat jo du bai kantzilerren bidaia bera bai jarduneko presidentea negoziazioetarako prest agertu izana. Halaber, oraingo honetan krisi politikoari irtenbidea aurkituko diotelakoan, orain arte defendatutako hainbat jarreretan atzera egiteko prest agertu da.

Costa Ricaren bitartekaritzapean, izan ere, lehenagotik ere bildu izan dira Zelayaren eta Michelettiren ordezkariak. Lehenengo saio horrek, baina, ez du gaur arte fruiturik eman. Oscar Arias Costa Ricako presidenteak egindako proposamena -San Jose akordioa-, dena dela, mahai gainean da oraindik ere. Eta bakea ekarriko badu, hala, Zelaya bera hura aldatzeko prest agertu da. Ez dirudi, dena dela, Michelettik eskatu bezala presidente kargura itzultzeko duen eskubideari uko egingo dionik. Eta hein handi batean, horregatik huts egin du San Jose akordioak: Zelayak presidente kargura itzuli behar duela aurreikusten duelako, Michelettiren gobernuak ez du gaur arte akordioa bere osotasunean onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.