ALEMANIA

Krisien gainetik, SPDk eta CDUk koalizioa ixteko nahia agertu dute

SPDko buruzagi Muenteferingek ez du baztertu Angela Merkelen gobernuan bere karguei eustea

Erredakzioa
2005eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Koalizio handia osatu aurretik, lehenengo krisiari aurre egin behar diote CDU-CSUko kristau-demokrata eta sozial-kristauek eta SPD Alderdi Sozialdemokratako kideek. Koalizioko bi pertsona nagusiak Franz Muentefering SPDko presidenteak eta Edmund Stoiber CSUko buruak kolokan jarri dute gobernua osatzeko akordioa. Stoiberrek atzo agertu zuenez, ez da Ekonomia ministro izango eta Bavariako lehen ministro izaten jarraituko du. Krisiaren aurrean, baina, SPDk eta CDUk koalizio gobernua osatzeko adostasuna lortzeko nahia agertu zuten.

CSUko buruaren erabakia SPDko buru Muenteferingek astelehenean egindako adierazpenek baldintzatu zuten. Muenteferingek iragarri zuen ez dela aurkeztuko alderdiko presidente izateko egingo den berrautaketara. Alderdian babesa galdu duelako hartutako erabakia izan da hori. SPDko goi-karguen bileran Andre Nahles hautatu zuten alderdiko idazkari nagusi. Nahlesek ezkerreko joera ordezkatzen du alderdiaren barruan eta Muenteferingen gogoko hautagaiaren aurretik geratu zen. Hitzartutakoaren arabera, Muenteferingek kantzilerorde eta Lan ministro izan behar zuen Angela Merkelen taldean. Hasiera batean Nahlesen garaipenaren ostean, zalantzan jarri zuen Muentefering gobernu berrian izango zen ala ez. Hala ere, Andrea Nahles SPDko idazkari nagusi berriak argitu nahi izan zuen, Muenteferingen porrota ez zegoela aldez aurretik pentsatuta: «Bozketaren aurretik Muenteferingek atzera egingo zuela aurreikusi ahal izan balitz, ez zen horrelakorik gertatuko». SPDren arabera, Muenteferingek ez du oraindik erabakirik hartu. Erabakia CDU-CSUko kristau demokratekin martxan dauden elkarrizketak arrakastaz amaitzen direnean hartuko duela adierazi zuten.

Platzeck, hautagaia SPDko buruzagitzarako

SPDren kongresua hilaren 14an eta 15ean egingo da Muenteferingen ordezkoa aukeratzeko. Jadanik bada hautagai ofizial bat: Brandeburgoko lehen ministro Matthias Platzeck. Platzecekek atzo bertan jakinarazi zuen SPDko burua izateko lehian parte hartuko duela, Renania-Palatinatuko lehen ministro Kurt Beckekin elkarrizketatu ondoren. Beck ere kargu horretarako hautagaia izan daiteke, baina hori ofizialki baieztatu gabe dago oraindik.

Muenteferingek gobernuan egoteko aukera zabalik utzi aurretik egoera politikoa aldatu egin dela azaldu zuen, atzo, Edmund Stoiberrek: «Franz Muentefering koalizioko giltzarrietako bat zen eta giltzarri hori aldatu egin da». Stoiber eta Muenteferingen artean harreman estua zegoen eta koalizio handia osatzeko elkarrizketetan pisu handia zuten.Zalantzak agerian egon arren, Angela Merkel CDUko burua baikor agertu zen atzo eta bi alderdiek gobernua osatzeko akordioa lortu nahi dutela azaldu zuen. Hori dela-eta, Michael Glos CSUko buruzagia Edmund Stoiberren ordezko gisa onartu zuen atzo. «Ahal dudan guztia egingo dut koalizio handia bideratzeko», adierazi zuen Merkelek. Koalizioa osatzeko elkarrizketek azaroaren 12rako amaitu behar lukete Merkelek eta bere taldeak Parlamentuaren oneritzia jaso dezaten azaroaren 22an. Lasai egoteko adierazpen horien aurrean, baina, CDUren barruan beldurra nagusitu da. Muenteferingek SPDn jasotako porrotak alderdian ezkerrerako joera ekar dezakeela uste dute zenbaitek. Horrek koalizioa osatzeko eskakizun berriak ekarriko lituzkeela pentsatzen dute eta kristau demokratentzat baldintza berri horiek betetzea ezinezkoa izango litzatekeela uste dute. Besteak beste, Ipar Renania Westfaliako lehen ministro kristau demokrata Juergen Ruettgersek eta Wolfgang Zoeller CDUko talde parlamentarioko presidenteordea iritzi horretakoak dira. Wolfgang Bosbach diputatuak ez zuen baztertu negoziaketek porrot egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.