Heldu den urteko maiatzaren aurrenekoan Europako Batasuneko kide berriak izango diren hamar herrialdeek Europako Batzordeak atzo helarazi txostenean agertutako kritikak onartu eta neurriak hartzeko prest daudela agertu zuten edukia jakinarazi eta ordu gutxira. Poloniako lehen ministro Leszek Millerrek arazoak garaiz konponduko dituztela adierazi zuen. «Aholkuak umiltasunez hartu eta lehenbailehen arazoei irtenbidea aurkitzeko lanean jarri behar garela uste dut», esan zuen. Eslovakiako Legebiltzarreko Atzerri Batzordeko presidente Jan Figelen arabera, berriz, txostenean jasotzen diren ondorioak espero baino hobeak izan dira. «Eslovakiaren erantzun hoberena gabeziei aurre egiteko lan aktiboa egitea da», zehaztu zuen. Txekiako Atzerri idazkari Jan Kohout ere «ahalegin berezia» egiteko prest agertu zen.
Europako Batasunaren hedapen prozesuan parte hartzen ari diren herrialdeen egoera aztertzeko Europako Batzordeak egin berri duen ikerketaren arabera, kide berriek ez dituzte baldintza guztiak betetzen. Hedapenerako hitzartutako epea betetzeko sei hilabete baino gelditzen ez direla, Poloniak, Hungariak, Txekiak, Eslovakiak, Esloveniak, Lituaniak, Letoniak, Estoniak, Maltak eta Ziprek gabeziak dituztela ondorioztatu du txostenak, eta «lehenbailehen neurri zorrotzak eta eraginkorrak» hartzea gomendatzen zaie. Ikerketaren ustetan, arazo ugari «kezkagarriak» dira.Ildo horretan, zigor neurriak hartu eta hedapena bi urtez atzeratzeko prest dagoela ohartarazi du Bruselak. «EBko arauak modu zuzenean ezartzen direla bermatzeko, Batzordeak ez du neurri zuzentzaileak jartzeaz dudarik egingo, horretarako beharra ikusten baldin badu bederen», adierazi zuen Hedapenerako komisario Guenter Verheugenek.Iaz Hamabostek hainbat herrialdetan diru laguntzak bertan behera utzi ahal izateko onartutako klausula ezar liteke ondorioz klausula 2007. urtea arte ezar liteke. Dena den, maiatzerako arazoak konpondurik egongo diren itxaropena duela agertu zuen komisarioak, horretarako oraindik ere denbora dagoela azpimarratu ondoren. «Galdera da konpontzear dauden arazo urriak maiatzaren 1a baino lehen konpondu daitezkeen edo ez. Nire erantzuna, argi eta garbi,baiezkoa da», esan zuen Verheugenek.
Ikerketa zorrotza eta zabala
Europako Batzordeak herrialdeen prestakuntza maila aztertzeko egindako zazpigarren ikerketaren arabera, EBko kide izateko ezarritako baldintzen %70 betetzen dituzte hamar herrialdeek. Baldintzen %27 «gainditu beharreko alderdi zehatzak» daudela eta «soilik» %3-tan atzerapenak edo hutsuneak daudela ondorioztatzen du ikerketak.
Ildo horretan, ikerketa orain arte egin direnen artean zorrotzena eta zabalena izan dela helarazi zuen Hedapenerako komisarioak, eta herrialde guztietan aurrerapen nabarmenak egin direla goraipatu zuen.Orotara 1.400 alor ekonomiko eta politiko aztertu ditu ikerketak, eta horietatik 39n hutsuneak daude, hain zuzen ere, administrazio publikoen eta justiziaren modernitate falta, ustelkeria, gutxiengoen egoera zaila, sexuen arteko berdintasun eza eta mugen kontrol eskasa dira aipatzen diren urritasunak.
Batasun hedatu baterantz izenburua duen txostenaren arabera, Polonia da egoera okerrenean dagoen herrialdea: nekazaritzaren egoera, elikagaien segurtasun kontrolaren eta higienearen eskasia, ustelkeria eta abar salatzen ditu, alegia. Alta, Zipre eta Eslovenia daude egoera onenean, txostenaren arabera; hain zuzen ere, Eslovenia hobekien prestatua dagoen herrialdea dela helarazi zuen Verheugenek. «Europako Batasuneko historian hobekien prestatua egongo den herrialdea da», zehaztu zuen.
Errumania, Bulgaria eta Turkia
Txostenak Errumaniak eta Bulgariak Ð2007. urtean dira EBn sartzekoakÐ eman dituzten aurrerapausoak ere jasotzen ditu. Hala ere, epaitegien eraginkortasuna hobetu eta ijitoen gizarteratzea sustatu behar direla dio.Turkiaren kasuan ere oraindik zehaztear dago noiz sartuko den, baldintzak betetzeko egindako ahaleginak nabarmendu dira. Dena den, giza eskubideen alorrean gauza asko egiteke daudela salatu du.
EUROPAKO BATASUNAREN HEDAPENA
Kritikak onartu eta neurriak hartzeko prest dira kide berriak
EBn sartzeko sei hilabete falta direla, hamar herrialdeek baldintzen %3 ez dituztela betetzen salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu