Barack Obamaren txanda da aste honetan. Bart hasi da Alderdi Demokrataren batzar nazionala, Charlotten, eta bihar amaituko da, Obama ofizialki AEBetako presidentetzarako hautagai izendatuta. Bi hilabete soilik falta dira azaroaren 6ko hauteskundeetarako, eta Obama herritarren botoak erakartzen saiatuko da batzarreko hiru egunetan. Mitt Romney aurkariak presidentearen lau urteko jarduna kritikatu zuen lehengo astean, Alderdi Errepublikanoaren batzar nazionalean. Demokratak kritika horiei buelta ematen ahaleginduko dira Charlotten. Obamak herritarrei ohartarazi die, Virginian egindako agerraldi batean: «Errepublikanoek irain asko eskainiko dituzte, baina konponbide gutxi».
Batzarraren lehen egunean, Michelle Obama presidentearen emazteak eta Julian Castro San Antonioko alkateak hartu dute parte, besteak beste. Inkesten arabera, Michelle Obamak ospe ona du AEBetako herritarren artean. Hain zuzen ere, herritarren %70 inguruk ikusten dute begi onez. Demokratek uste dute haren irudia garrantzitsua izango dela emakumeen eta familia behartsuenen botoak erakartzeko.
Castro, berriz, demokraten batzarreko hitzaldi nagusi batean esku hartu duen lehen hispanoa izan da. Bi alderdiak buru-belarri ari dira hispanoen botoa erakarri nahian. 2008ko hauteskundeetan hirutik bik Obamaren alde egin zuten, eta joera horri eutsi nahi diote demokratek aurtengo bozetan ere.
Batzarra Charlotten eginda, Ipar Karolina estatuko herritarren botoa erakartzea ere bada helburua. Duela lau urte, Obamak irabazi zituen hauteskundeak bertan, errepublikanoek baino 14.000 boto gehiago eskuratuta. Inkestek, ordea, Romneyri ematen diote garaipena aurten. Horien arabera, hautagai errepublikanoak botoen %47 eskuratuko ditu, eta eta demokratak, %43.
Ekonomia berpizteko neurriak
Batzarra hasi aurretik, hurrengo lau urteetan alderdiak jarraituko dituen oinarriak aurkeztu dituzte demokratek. Tartean, AEBetako ekonomia berpizteko eta lanpostuak sortzekoneurriak. Hitzeman dute zergak jaitsiko dizkietela klase ertaineko familiei. Horrez gain, herrialdeko enpresei ere elkarteen gaineko zerga jaitsiko diete, lanpostuak atzerrira eraman ez ditzaten.
Etxe Zurian jarraituz gero, immigraziori buruzko legeak ere berrituko ditu Obamak, etorkinen eskubideak defendatzeko. Erreforma horrek ingelesa ikastea eta zergak ordaintzea eskatuko lieke paperik gabeko etorkinei. Bestalde, Dream Act deituriko legea babesten du demokraten programak. Lege horren bidez, paperik gabeko etorkinek AEBetako unibertsitateetan ikasi ahal izatea ahalbidetu nahi dute, gainontzeko herritarren kopuru bera ordainduta. Obama behin baino gehiagotan saiatu izan da lege hori onartzen, baina errepublikanoek atzera bota izan dute. Guztiz kontrakoa proposatzen du Romneyren alderdiak: etorkinen aurkako legeak gogortzea, haiek «borondatez» herrialdea uztera bultzatzeko.
Abortuaren eta bikote homosexualen gaian ere jarrera kontrajarria dute bi alderdiek. Abortatzeko eskubidearen aldeko jarrera dute demokratek. «Abortua erabaki pertsonal bat da», diote programan. Errepublikanoek ez dute onartzen abortatzeko eskubidea. Bestalde, demokratek eskubide berberak aitortzen dizkiete bikote homosexualei eta heterosexualei. Errepublikanoek, aldiz, ez dituzte onartzen bikote homosexualak.
Kritikei buelta emateko batzarra
Alderdi Demokratako ordezkariak Charlotten bildu dira; Obama bihar izendatuko dute AEBetako presidentegai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu