Kroaziako bozak irabazita, ustelkeria amaituko duela agindu du Josipovicek

Orain arte oposizioan aritu den politikariaren lehentasuna da Kroazia EBn sartu ahal izateko baldintzak betearaztea

2010eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ivo Josipovic sozialdemokrata izango da, hurrengo bost urteetan, Kroaziako presidentea. Hautagai independente gisa aurkezten zen Milan Bandic Zagrebeko alkatea gailendu du igandean eginiko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Hauek hitzeman ditu presidente berriak: Kroazia Europako Batasunean bi urte barru sarraraztea, makal dabilen ekonomia suspertzea, zabaldua dagoen ustelkeriari aurre egitea eta gizarte zuzenago bat eratzea.

SDP alderdi sozialdemokratako hautagaiak botoen %60,3 bereganatu ditu; Milan Bandic hautagai independenteak bozen %39,7 eskuratu du. Bandic Zagrebeko alkatea da 2005. urtetik; kargu horretan, 2000 eta 2002 bitartean ere aritu zen. Bandic SDPkoa zen, alderditik iaz kanporatu zuten arte; presidentetzarako bozetan Josipovicen kontra lehiatzeagatik bota zuten.

«Kroazia europarra» helburu

Kroaziak 1991. urtean independentzia eskuratu zuenetik herrialde balkaniko horretako hirugarren presidenteak argi azaldu du Europa batuan ikusten duela herrialdearen etorkizuna. «Kroazia europar bat gura du, ez bakarrik Europako Batasunean sartzeko, baita hainbat balio gure egiteko ere, hots, demokrazia, askatasuna eta giza eskubideak zaintzea, legeak betetzea, gutxiengoen eskubideak errespetatzea eta erlijio eskubidea bermatzea», adierazi du Josipovicek, bozen emaitzak jaso eta gero. «Lana behar bezala ordaindua eta lege hausteak zigortuak izango diren herrialde batean bizi nahi dugu, zuzenbidearen eta gizarte segurtasunaren herrialde batean», gaineratu du presidente berriak.

Kanpainan ozen aldarrikatu du zabaldua den ustelkeria politikoaren aurka gogor borrokatuko duela. Josipovicek ekonomia suspertzea ere du helburu, ezen oso makal dabil. Langabezia tasa %16koa da, eta kanpo zorra, berriz, barne produktu gordinaren %94ra iritsi da.



Soslaia

Ivo Josipovic

Patriotismo berriaren aldekoa

Zagrebeko unibertsitatean zuzenbide irakaslea izan da Ivo Josipovic (Zagreb, 1957) orain arte, eta, hemendik aurrera, presidente izango da. Jugoslaviako estatu federaletik 1991n askatu zen Zagreb, eta herrialde hartan zuzenbide estatua sustatzea jarri du helburuen artean presidente berriak. Hori dela eta, ustelkeriari aurre egitea da aurreneko erronkak. «Ustelkeria estatuaren goi mailaraino iristen da; Kroaziako arazo nagusietatik bat da, eta bada garaia horren aurka irmo jokatzeko», adierazi du, behin eta berriro, kanpainan. Egitasmo horretan, sinesgarritasunik aitortzen diote aurkariek ere; Kroazian 1990ean izandako bilakaeran ez baitzuen esku hartzerik izan: Josipovicek ez zuen ardurarik izan Kroazia merkatu ekonomiari egokitzeko egindako pribatizazioetan izan ziren gehiegikerietan. Parte hartu zuen Kroaziako alderdi komunista indar sozialdemokrata bilakatzeko prozesuan. 1994an, politika alboratu zuen, eta irakaskuntzara bueltatu zen. 2003an, ordea, SDPko zerrendetan diputatu aukeratu zuten, eta, berriro ere, 2007an. 2008an baino ez da, haatik, SDPko alderdikide bilakatu, indar politiko horrek presidentetzarako bozetarako hautagai izendatu baino lehen.

Legelari gisa, berriz, Kroaziaren ordezkari izan da Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegian, baita geroztik eratu den Nazioarteko Zigor Epaitegian ere. «Zuzentasun berria» bultzatu beharra aldarrikatu du «honek patriotismo berri bat» behartzen duela azalduz: «Hori ez delarik mugatzen ikurrakairean astintzeari edo aberria goraipatzen duten kantuak abesteari»

Josipovic ezkonduta dago, eta alaba bat dauka. Musikaria ere bada; besteak beste, pianoa jotzen du, eta hainbat obra konposatu ditu. A.S.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.