Kronologia

2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun

KIMDARREN AROA



1945. II. Mundu Gerraren ostean, Japoniak Koreako okupazioa amaitu zuen. Sobietar Batasunaren esku geratu zen iparraldearen kontrola, eta AEBen esku hegoaldearena.

1948. Koreako Herri Errepublika Demokratikoa sortu zen, eta Sobietar Batasuneko tropak erretiratu egin ziren. Kim Il-sungek hartu zuen boterea.

1950. Hego Koreak independentzia aldarrikatu zuen.

1953. Koreako Gerra bukatu zen. Bi milioi lagun hil ziren.

1960. Garapen industrial handia izan zen hamarkada osoan.

1968. Ipar Koreako gerraontziek AEBetako inteligentzia ontziak bahitu zituzten.

1969. AEBetako hegazkin miatzaile bat suntsitu zuen Ipar Koreako armadak.

1980. Kim Il-sungen seme Kim Jong-il alderdiko goi postuetara igo zen.

1991. Ipar eta Hego Korea NBEn sartu ziren.

1992. Ipar Koreak IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren behaketak onartu zituen, baina ustez arma nuklearrak zeuden eraikinetara sartzea eragotzi zion erakundeari.

1994. Kim Il-sung hil zen, eta Kim Jong-il semeak hartu zuen boterea.

1996. Uholde handiek gosetea ekarri zuten.

1998. Kimek «betiereko presidente» izendatu zuen aita.

2000. Ipar eta Hego Koreako estatuburuek goi bilera egin zuten Piongiangen. Bi herrialdeen arteko mugak zabaldu zituzten, eta Hego Koreak amnistia eman zien 3.500 preso ingururi. Ehun familiatako kideek euren senideak ikusi ahal izan zituzten.

2001. EB Europako Batasuneko ordezkaritza batek Ipar Korea bisitatu zuen. Kim Jong-ilek Moskura egin zuen bisita.

2002. George W. Bush AEBetako presidente zenak gaizkiaren ardatzean lerrotu zuen Ipar Korea, Iran eta Irakekin batera. Ipar eta Hego Koreako armadek borroka izan zuten Itsaso Horian, eta 30 lagun hil ziren. Urtearen amaieran Washingtonek esan zuen Piongiangek arma nuklearrak izatea onartu zuela. Petrolio salmenta moztu zioten AEBek; Ipar Koreak, aldiz, Yongbyon erreaktorea martxan jarri zuen, eta bota egin zituen nazioarteko behatzaileak.

2003. Urtarrilean Ipar Koreak NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna hautsi zuen. Apirilean, krisi nuklearra baretzeko elkarrizketak hasi zituzten AEBek, Txinak eta Piongiangek Pekinen. Abuztuan, beste hiru estatu bildu ziren elkarrizketetara.

2005. Bere defentsarako arma nuklearrak egin izana aitortu zuen Ipar Koreak.

2007. Bidaiarien trenek herrialdea gurutzatu zuten, 56 urtean lehen aldiz. Behatzaileek Yongbyon zentral nuklearraren itxiera ziurtatu zuten. Bi Koreetako gobernuburuak bildu ziren, 15 urtean lehen aldiz.

2008. AEBek «terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrendatik kanpo» laga zuten Ipar Korea.

2009. Bi Koreen arteko harremana gaiztotu zen, Piongiangek ustezko misil bat jaurti zuelako; «komunikazio satelitea» zela esan zuen Ipar Koreak.

2010. Ipar eta Hego Koreako armadek tiroketak egin zituztenitsasoko mugan, eta hegoaldeko bi soldadu korear hil ziren. 2011. Abenduaren 17an Kim Jong-il hil zen, bihotzekoak jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.