Etxe Zuriak eutsi egingo die Kubari ezarritako zigor ekonomikoei. Izan ere, Kubako buruzagitza Fidelen anaia Raul Castrok hartu izana ez da Bushen gustuko erabakia izan. Batez ere hark iragarri duelako Fidelen aholkuei jarraituko dietela erabaki garrantzitsuenetan.
Europako Batasunak ere bestelakorik espero zuen. Hala adierazi du EBko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisario Javier Solanak. «Atzoko [herenegungo] albisteak zabalagoak, hobeak, izan zitezkeen. Ez nago ziur Kuban trantsiziorik hasi dutenik, politikari dagokionez behintzat, baina ikusiko dugu zer gertatzen den aurrerago». Harekin bat etorri da disidentzia ere. Giza Eskubideetarako eta Adiskidetzerako Kubako Batzordeko buru Elizardo Sanchezen esanetan, Jose Ramon Machado Ventura presidenteorde aukeratzea izan da ustekabe bakarra. Haren iritziz, aldaketa horiek ez dute esan nahi uharteko herritarren giza eskubideak eta egoera ekonomikoa aldatuko direnik.
Kritikak kritika, asteburuan, lehen aldiz, Fidel Castrok diputatu soilaren rola jokatu zuen, eta bere kideei eskatu bezala Raul anaiaren proposamenak sostengatu zituen, kritika bakar bat ere egin gabe. 1959ko Kubako iraultzaren garaipenaz geroztik lehen aldiz Fidel Castro Ruzek ez zuen buruzagitza eskuratu. Egun batzuk lehenago, denbora luzean komandante buru izandakoak iragarri zuen estatuaren jabetza den Granma egunkarian ez zuela bilatuko, ez eta onartuko ere estatuko buruzagitza. Ondorioz, Raul Castro Defentsa ministroa izandakoa aukeratu dute 31 kideko Gobernuko buru eta errepublikako presidente. Kubako Batzar Nazionaleko 614 kideek, boto sekretu bidez, sostengatu egin dute Fidel Castroren anaia gaztea, Habanako mendebaldean dagoen Biltzarren Jauregian egindako bileran.
FIDEL GABEKO BOZKETA. 1976an Konstituzio sozialista onartu zutenetik egindako Batzar Nazionalaren zazpigarren bileran, Raul Castrok erreformak iragarri ditu instituzioetan. 76 urteko politikariaren esanetan, egitura «funtzionalagoa» behar dute, zeinak administrazioan erakunde gutxiago eta lan banaketa hobea izango duen.
Fidel Castro buruzagi iraultzailearena izan zen hutsune handiena Legebiltzarraren bileran. 81 urteko Castrok bere etxean bozkatu zuen lehenago, bi alderdikideren aurrean. «Ados zaudete bozketa hau onartzean?», galdetu zuen Legebiltzarreko presidenteak estatuburu, presidenteorde eta Parlamentuko idazkari berriak aukeratzeko bozketa egin aurretik. Galdera erretorikoa zen. «Aho batez onartu dute», adierazi zuen diputatuek altxatuta zituzten eskuak zenbatu gabe. Fidel Castroren botoa telebista kameren aurrean ireki zuten orduan. Gobernuaren aukeraketa beranduago egin zuten, ateak itxita.
Arratsaldeko lehen ordurako argi zegoen Raul Castrok zuzenduko zuela uhartea, Machado Venturaren laguntzarekin. Alderdi Komunistako politburoko kidea da Machado Ventura, eta Fulgencio Batista diktadore ankerraren aurkako iraultza bultzatu zuen belaunaldi historikoko kidea ere bada. Presidenteordetzarako aukeratu dituzte, bestalde, Juan Almeida Bosque, Abelardo Colome Ibarra, Carlos Lage, Esteban Lazo eta Julio Casas Regueiro. Gobernuko beste kideen aukeraketak ez du ustekaberik eragin. Duela 49 urte gobernu iraultzailea ezarri zutenean, karguak erreformista eta kontserbadoreen artean banatu zituzten, eta banaketa berari eutsi dio Raul Castrok ere.
Horiek hala, erabakiak buruzagi nagusiek hartuko dituzte. Tartean Raul Castrok proposatutako erreformak. «Asko hitz egin da, bai Kuban eta baita atzerrian ere, Legebiltzarrak aukeratu berri duen Gobernuaren inguruan. Oinarri politikoetan Kubak ez du zalantzarik: Alderdi Komunista soilik izan daiteke herriak bere buruzagian duen konfiantzaren oinordeko duina, Kubako nazioaren batasuna bermatzen duelako».
GOBERNU «IREKIAGOA». Aurreko estatuburuak agintea bere kabuz utzi bazuen ere, haren hurrengoak argi utzi du Fidel Castrok eragina izango duela erabaki politikoetan. «Fidel Fidel da, hori ondo dakigu denok. Fidel ordezkaezina da eta herriak hark hasitakoarekin jarraituko du, hura desagertzen denean ere. Bere ideiak ez dira desagertuko. Horiek egin dute posible gure herriaren ikur bilakatu den duintasun eta justiziaren gotorleku hau». Hori esanda, galdetu zien diputatuei bat zetozen erabaki garrantzitsuetan Fideli aholkularitza eskatzean. Txalo zaparrada batekin onartu zuten horiek proposamena.
2006ko udan behin-behineko presidentetza hartu zuenetik politika «irekiago eta kritikoagoa» bultzatzen saiatu da Raul Castrok. Igandean, Kuban egin asmo dituen erreformak aipatu zituen: «Horiek ahalbidetuko dute bilera, koordinazio, baimen, kontziliazio, eta abarrak murriztea. Zuek badakizue ongi zer diren eta abar horiek».
Iaz, Raul Castrok berak kritikatu egin zituen onura baino kalte gehiago eragiten zuten debeku eta arauak. Horietako askoren helburua zen herritarren arteko desberdintasunak murriztea. «Datorren astean, urritasuna orokorra denean, debeku errazenak kentzen hasiko gara, nahiz eta horrek irabaziak murriztuko direla esan nahi izan». Lege horietako batzuk kritika gogorrak eragin zituzten garai batean, bai Kuban eta baita atzerrian ere. Esaterako, kubatarrek debekatua zuten turistentzako hoteletan sartzea. Prostituzioa murriztuko zuela argudiatuta hartutako neurri hori baztertzailetzat jo zuten sozialismoaren aurkariek. Horretaz gain, ekonomia arloan ere aldaketak iragarri ditu estatuburuak. Besteak beste, erabiltzen dituzten bi monetetako bat desagerraraztea.
Raul Castrok Batzar Nazionalean egindako agerraldia entzun ostean, nazioartearen jarrera bera ere aldatu egin da. Jada, inork ez du trantsizioazhitz egiten. Atzerriko erakundeek aldaketaren beharra nabarmendu dute behin eta berriz. Baina Raul Castrok erantzun die esanez: «Zein gutxi ezagutzen duten gure herria, bere independentziaz eta subiranotasunaz horren harro dagoena!».
«Alderdi Komunista soilik izan daiteke herriak bere buruzagiarengan duen konfiantzaren oinordekoa»
«Fidel ordezkaezina da, eta herriak hark hasitakoarekin jarraituko du hura desagertzen denean ere»
«Zein gutxi ezagutzen duten [atzerriko gobernuek] gure herria, independentziaz horren harro dagoena!»
raul castro
Kubako presidentea
SosLaIaFidelen jarraitzaile sutsua
Raul Castro Ruz
Kubako presidentea
Ia mende erdiz anaia nagusiaren itzalean egon ondoren, aurrean jarri eta erabakiak hartzeko unea iritsi zaio Raul Castro Ruzi (Biran, 1931). Fidel Castrok aginteari uko egin ostean, aspaldidanik buruan zituen erreformak egiteko aukera izango du Galiziatik Kubara joandako Angel Castro etorkinaren zortzigarren semeak. Hala ere, hasieratik iragarri du ez duela bazterrean utziko Kubako buruzagi historiko gisa gogoratuko dutena, Fidel bera, alegia.
Anaiarekin eta Kubako belaunaldi historikoko beste hainbat kiderekin batera, Fulgencio Batista diktadorearen aurkako matxinadan parte hartu zuen Raul Castrok. 1953ko uztailaren 26an, Kubako armadaren kuartel nagusiari eraso zioten; baina atxilotu eta 13 urteko kartzela zigorra ezarri zieten biei. Zigorra bete orduko, Mexikora egin zuten ihes. Baina behin-behineko ihesaldia izan zen.
Granma ontzian itzuli ziren Kubara, eta mendietan antolatu zuten Batistaren erregimena amaituko zuen matxinada. Iraultzaren garaipena bermatu zutenean, anaia zaharrenaren esku geratu zen uharteko buruzagitza. Baina Rauleklanean jarraitu zuen, itzalean bederen. Anaia gazteak lortutako garaipen nagusietako bat izan zen matxinoak antolatu eta Indar Armatu Iraultzaileak sortzea. 1990eko hamarkadaren hasieran ere, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean, bera izan zen Kuba krisitik aterako zuten neurri ekonomikoak bultzatu zituena ere.
2006ko udan, Fidelek osasun arazoak zirela-eta behin-behinean agintea utzi zuenean, askok iragarri zuten Raulek hartuko zuela haren tokia. Hark, aldiz, ez zuen ezer ziurtzat eman, eta azkenera arte Fidelen erabakiaren zain egon da. Dena den, nazioarteak lehendik ere ezagutzen zuen Raul Castro. 2000. urtean egin zen ezagun, Elian Gonzalezen aferarekin. Gonzalez amarekin abiatu zen txalupan AEBetara, baina ama itsasoan hil zitzaion eta Kuban zuen familiak haurra itzultzeko exijitu zion Washingtoni. Raul Castro buru zutela, ehunka kubatar manifestatu ziren Elian itzultzeko eskatzeko.
Behin-behineko presidentetza hartu zuenean iragarri zuen erreformak egingo zituela Kubako politikagintzan. Vietnam eta Txinako politikei jarraituz, uhartea «ireki» nahi du Raulek. Hori bai, iraultza alde batera utzi gabe. Bere garaian ere argi utzi zuen bere asmoa ez zela sozialismoak zabaldutako bidetik ateratzea. «Herri honek ez dio inoiz borrokatzeari utzi, ezta baldintzarik zailenetan ere, eta hori Iraultzaren garaipenaren ondoren erakutsi du batez ere». Fidelek berak ohartarazi zuen agintean zegoela, haren ondotik zetozenak bera baino zorrotzagoak izango zirela. Horiek hala, ikusteko dago Raulen erreforma ekonomiko eta politikoek zein eragin izango duten etxean nahiz atzerrian. Bost urte luze izango ditu Fidelek hasitako bidea urratzeko edo berria zabaltzeko. ARANTXA ELIZEGI«Txilen eta Argentinan milaka lagun desagerrarazi zituzten militarrek ere askatasunaz hitz egiten zuten»
tubal paez Kubako Herri Boterearen Batzar Nazionaleko diputatua
Kubako belaunaldi berriak agintean sartzea oso positiboa dela iritzi dio Paezek; etapa berriaren lehentasuna, bere ustez, herritarren ahotsa entzutea da, «beti bezala».
h. neuber
Habana
Kubako Herri Boterearen Batzar Nazionaleko diputatua da Tubal Paez (Jaruco, 1940). Kubako Kazetarien Elkarteko presidentea ere bada. Granma egunkarian ekin zion bere lanari, eta zuzendariorde izatera iritsi zen. Habanako Kazetaritza Unibertsitateko irakasle izandakoa ere bada. Bide politikoari1993. urtean ekin zion, eta hiru agintalditan izan da diputatu. Munduko Gizarte Foroetan Kubako ordezkaria izan da azken urteotan. Erakundeak zazpigarren agintaldiari ekin ondoren erantzun dizkio galderei.
Kubak beste aro bati ekin dio. Zeintzuk dira une honetan Gobernuaren lehentasunak?
Beti bezala, herritarrekin estuki lotua egotea da gure eginkizun nagusia. Auzoetako funtzionario politikoak bi urtetik behin aldatzen dira, eta sostengu maila neurtzeko aukera ematen digu horrek. Gure kudeaketaren inguruko azalpenak eman behar izaten dituzte hamabost egunez funtzionarioek eta horrek aukera ematen digu herritarren iritzia jasotzeko. Nire ustez, horixe da etapa berri honen lehentasuna, herritarren ahotsa entzun eta horren arabera erantzun.
Belaunaldi aldaketa egon da Legebiltzarrean. Buruzagi historikoak lekua galtzen ari dira. Eragina izango al du horrek iraultzan?
Belaunaldi berriak oso prestatuta daude, eta aldaketa positiboa da. Hau bezalako herrialde txiki batean 800.000 lagunek dute unibertsitateko tituluren bat eta Gobernuan parte hatzeko gaitasuna duen jende hori baliatzen ari gara. Hezkuntza maila altua izateak erabaki onak ekarriko ditu ezinbestean, eta, jakina, kudeaketaren eragingarritasuna ere altua izango da.
AEBek eta Europako Batasunak trantsizio demokratikorako bideari ekitea galdegin dio egunotan Kubari. Trantsiziorik egongo al da?
Kuban oso zintzoak gara hiztegiarekin. Konstituzioarekin batera, hiztegia da guretzat testurik inportanteena, eta gauzen benetako esanahia da aintzat hartzen duguna. Askatasunaz gauza bat ulertzen dute hainbatek, eta guk beste bat. Txilen eta Argentinan milaka lagun desagerrarazi zituzten militarrek ere askatasunaz hitz egiten zuten, eta askatasun horrek ez zuen zerikusirik desagertuen askatasunarekin. Kubarekin ere horrelako zerbait gertatzen da. Askatasuna zentzu batean ulertzen dute, eta guk zentzu positiboan ulertzen dugu.
Aldaketak, baina, iragarri dituzue. Zer aldaketaz ari zarete?
Kuban kulturaren eta hezkuntzaren alorretan egin dugun ahalegin sakonaren ondoren, aldaketak etorriko direla uste dut. Hezkuntza maila oso altua da, eta artea eta giza zientziak ikasi duten milaka unibertsitario daude, eta horrek, ziur naiz, aldaketa kualitatibo ikaragarria eragingo du pertsonen ariman. Elkartasunean eta eskuzabaltasunean ikusiko da hori, eta kulturaren alorrean ere bai. Aldaketa funtsezkoa izango da hori. Osasunaren alorrean ere aldaketak egiten ari gara, sistema eragingarriagoa izateko eta, azpiegitura guztiak berritzen ari gara.
Ekonomikoki, baina, arazoak daude. Txanpon bikoitzaren sistemak ez al duegoera okerrera egitea eragingo?
Europan sozialismoak indarra galdu ondoren, iraultzaren kontzeptuekin bat ez datorren sistema kapitalistara egokitu behar izan dugu. Uhartea hornitzeko baliatzen genituen merkatuak galdu genituen, eta neurriak hartu behar izan genituen. 90eko hamarkadan ekin genion neurri berezien garaiari. Horrek, dudarik gabe, arazoak ekarri zituen. Txanpon bikoitzaren sistema ez genuen geure borondatez aukeratu, baizik eta ezinbestekoa zelako. Berdintasuna bermatzea izan da beti gure asmoa. Aurre egin behar zaion arazoa da, baina, aitortu egin behar dugu ez dela erraza. Kubak ez du nazioarteko merkatuetatik kanpo gelditu behar, eta, horretarako, zoritxarrez, atzerriko dibisak behar ditugu oraindik. AEB Ameriketako Estatu Batuen bahimenduak behartzen gaitu horretara; izan ere, gure txanpona ahula da une honetan, eta, horregatik, merkataritzan aritzeko atzerriko dibisa sendoagoak baliatu behar ditugu. Konpondu beharreko auzia da hau, baina tentu handiz konpondu beharrekoa.
KUBA. BATZAR NAZIONALAREN ERAKETA. Kubako aldaketak gutxiegitzat jo dituzte Washingtonek eta Bruselak
Fidel Castrok boterea utzita ere haren aholkuak jarraituko dituela iragarri du Kubako presidente berriak
Duela egun batzuk, Fidel Castrok agintea utziko zuela iragarri zuenean, askok galdetu zioten bere buruari AEBek uharteari ezarritako bahimenduaren amaiera izango ote zen. Washingtonek atzo argitu zituen zalantzak. George Bushen gobernuarentzat gutxiegi dira gobernu berriak egin asmo dituen aldaketak, eta, beraz, oraingoz,
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu