Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak iragarri du Kuba "terrorismoa sustatzen duten estatuen" zerrendatik ateratzeko erabakia.
Washingtonek 1982an ipini zuen Kuba zerrenda beltzean. Horrek nabarmen zaildu dio nazioarteko merkatu nagusietarako sarbidea, eta AEBek bahimendu ekonomikoa arrazoitzeko oinarri gisa erabili dute. Kubarekiko politika horrek mende erdia baino gehiago darama indarrean, eta bi gobernuek ez dute harreman diplomatikorik izan urte luzez.
Joan den abenduan berriz elkarrekin hizketan hasiko zirela iragarri zuten Obamak eta Raul Castro Kubako presidenteak. Ordutik hiru negoziazio erronda egin dituzte, eta joan den astean aurrez aurre ere elkartu ziren Panaman, Ameriketako Estatuen VII. Goi Bileran. Latinoamerikako herrialdeek estu hartu zuten Washington, eta hark, lehenengo aldiz, ez zion trabarik ipini Habanari bilkuran parte hartzeko.
Soilik Iran, Sudan eta Siria gelditu dira Washingtonen ustez "terrorismoa sustatzen duten herrialdeen" taldean.