Mundua

Kubak libre utzi ditu oposizioko kideak, Europako Batasunak atzo hari zigorrak kendu ondoren

Atzotik atxilotuta izan ditu sei lagun, Barne Ministerioaren egoitza baten aurrean protestan ari zirelako. Kubak urtebeteko epean giza eskubideen alorrean pausoak ez baditu ematen, erabakia berriro ikuskatuko dute EBko estatuek.

2008ko ekainaren 21a
19:09
Entzun
Europako Batasunak (EB) Kubari zigorrak kendu dizkiola jakinarazi zuen atzo, eta gaur honek atzotik atxilotuta zituen oposizioko kideak aske utzi ditu. Kuban azkenaldian giza eskubideen alorrean "aurrerapenak" ikusteagatik kendu ditu EBk aipatutako neurriak.

Jorge Luis Garcia Perez, Iris Perez, Idania Yanes, Yesmielena Surbano, Benito Ortega eta Blas Fortun dira libre utzi dituenak. Habanatik ehun bat kilometrora atzeman zituen, Matanzasen, Kubako Barne Ministerioaren egoitza baten aurrean protestan ari zirela.

2005ean, bi urte lehenago uharteari ezarritako zigorrak behin-behinean bertan behera utzi zituzten EBko estatu kideek eta, orduz geroztik, neurri handi batean, sinbolikoa baino ez zen zigorra. Hala ere, Kubak orain, urtebeteko epean giza eskubideen alorrean urratsak egin ezean, erabakia berriz ere ikuskatuko dute estatu kideek datorren urteko ekainean. Habanak berriki sinatutako giza eskubideen nazioarteko konbentzioak errespetatzea, giza erakundeei kartzelak bisitatzeko baimena ematea eta preso politiko guztiak askatzea izango dira urtebeteko epean bete beharreko baldintzak.

Europako Batasunak 1988an abiatu zituen harreman diplomatikoak Kubarekin, baina harremanak duela bost urte gaiztotu ziren 75 disidenteren atxiloketaren ostean -Habanak Washingtonek ordaindutako iraultzaren kontrako ekintzaileak zirela argudiatu zuen-. Jose Maria Aznar Espainiako orduko presidenteak sustatuta eten zituen harremanak Bruselak, 2003ko ekainaren 5ean. Kubako oposizioak Udaberri beltza deitu zion garai hari; disidenteei 28 urte arteko kartzela zigorrak ezarri zizkien Habanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.