Kolonbia

Kuban da Juan Manuel Santos, justizia trantsizionalari buruzko akordioa azaltzeko

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea Habanara heldu da. Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko burua dauka han esperoan. Santosek erran du 50 urte baino gehiagoko gatazka konpontzeko "bilera erabakigarria" izanen dela. "Bakea gertu dago", gaineratu du.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea. LEONARDO MUñOZ / EFE
mikel rodriguez
2015eko irailaren 23a
01:58
Entzun

"Habanan eskala bat eginen dut gatazkaren bukaera bizkortzeko bilera erabakigarri bat egiteko negoziatzaileekin. Bakea gertu dago". Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak Twitter bidez jakinarazi du New Yorkera bidean egin duen azken orduko plan aldaketa. Espainiako Efe agentziak FARCeko negoziatzaileak iturritzat aipatuz jakinarazi duenez, Santos presidentea gerrillako buruzagi Rodrigo Londoño Timochenko-rekin elkartuko da, eta arratsaldean (23:00 Euskal Herrian) bi delegazioek jendaurrean azalduko dute justizia trantsizionalaren inguruan egindako akordioa. Raul Castro Kubako presidentea ere elkartuko da Santosekin eta Timochenkorekin.

Gobernuaren eta FARCen ordezkariek negoziatu dituzten puntuen artean, justizia trantsizionalarenean eman dute denbora gehien —2012ko azaroan hasi zituzten negoziazioak, eta puntu horrekin 2014ko ekainean hasi ziren—. Korapilo hori askatuta, ordea, alde biko su-etena eta akordioak bete eta egiaztatzeko mekanismoen ezarpenak hitzartzea faltako litzaieke. Kolonbiako Caracol irratiaren arabera, bi aldeek akordioan bildu dute gatazkaren inguruko auzitegi berezi bat ezartzea, eta zigortutako gerrillariek kondenak ez lituzkete espetxealdiekin beteko, azpiegituretan, nekazaritzan eta minak kentzen lana eginda baizik —gobernuko iturriak aipatu ditu Caracolek—.

Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentro Nazionalak 2013an argitaratutako datuen arabera, gatazka armatuan 55 urtean 220.000 lagun hil zituzten, 27.000 bahitu, eta 25.000 desagerrarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.