Habanara gerturatzeko pausoak emateak, ordea, ez du esan nahi «jarrera komuna» deiturikoa bertan behera geratuko denik. Jose Maria Aznar Espainiako presidente zela jarri zuten indarrean politika hori, haren ekimenez. Horren arabera, Bruselak ez du egingo ahaleginik Habanarekin hitz egiten hasteko, baldin eta hark giza eskubideen alorrean aurrerapausoak ematen ez baditu. EBko agintari gehienen iritziz, politika hori bertan behera uzteko «goizegi» den arren, preso politikoak aske uzteko Kubako Gobernuak egindako ahalegina «saritu» beharra dago, eta hortik Ashtoni egoera aztertzeko agindu izana.
Kontrako ahotsak
Hala ere, denak ez dira bat etorri hartutako erabakiarekin. Suediako Atzerri ministro Carl Bildten esanetan, Bruselak ez luke Habanarekiko politika aldatu behar, hark giza eskubideen eta demokraziaren alorrean «aldaketak» erakutsi arren. «Presoak askatu izana seinale ona da, baina horrek ez du esan nahi demokrazia errespetatzen dutenik. Jarrera komunari eutsiko diogu aldaketak ikusten ditugun arte. Hori ez dugu zalantzan jartzen».
Joan den astera arte Espainiako Atzerri ministro zenak, Miguel Angel Moratinosek, defendatu egin du sutsuen harreman mota berri baten beharra. Haren iritziz, bada garaia 1996tik indarrean dagoen «jarrera komuna» alde batera utzi eta Habanarekin elkarrizketak hasteko. Bide beretik jo du Espainiako egungo Atzerri ministro Trinidad Jimenezek ere. «Kubari seinale bat egin behar diogu harreman berri bat eraiki eta erreforma prozesua indartzen laguntzeko». Bildt, baina, ez da harekin bat etorri, eta honela erantzun dio: «Kuba da guri seinaleak egin behar dizkiguna». Suedia da Txekiarekin batera Kubarekiko harremanak hobetzearen aurka dagoen estatuetako bat.
Kubak azken hilabeteetan bultzatutako erreformetako batzuk gaur bertan sartuko dira indarrean. Horien bitartez, estatuarentzako lan egiten dutenen kopurua gutxituko da, eta, aldi berean, bultzatu egingo dira beren kabuz lan egiten duten enpresa eta banakoak.
Bestalde, gaur bozkatuko dute NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian Kubari blokeoa kentzeko proposamena. Estatuen arteko berdintasunari eusteko beharra nabarmendu dute dokumentuan. Horretaz gain, gogora ekarri dituzte 1992tik 2009ra horren haritik onartutako ebazpenak, eta salatu dute NBEk blokeoarekin lotutako neurriak gaitzetsi arren, herrialdeek horiek bultzatzen dituztela oraindik ere. Blokeoaren aurkako bozketak 1992ko azaroaren 2an hasi ziren; orduan, hura amaitzearen alde bozkatu zuten 59 ordezkarik, kontra egin zuten hiruk eta abstenitu egin ziren beste 71.