Mundua

Kubarekin lankidetza akordio bat negoziatzea onartu dute EBko Atzerri ministroek

Brusela eta Habanaren arteko harremanetan blokeoa eragin duen Jarrera Bateratua gainditu eta elkarrizketa politikoa sustatu nahi du Europako Batasunak.

Berria.info
2014ko otsailaren 10a
14:53
Entzun

Europako Batasuneko Atzerri ministroen Kontseiluak onartu du Kubarekin elkarrizketa politikoa sustatu eta lankidetza akordio bat negoziatzea. Bruselak 1996an erabaki zuen, Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak bultzatuta, Habanarekiko harremanak Kubak giza eskubideetan egiten zituen aurrerapenen menpe jartzea. Ordutik Europako Batasunaren Jarrera Bateratuak blokeoa eragin du bi aldeen arteko harremanetan, eta, egoera hori gainditzeko, lankidetza aro berri bati nola ekin negoziatzea erabaki du Bruselak.

Aurrez hitzartua zuten Europako Batasuneko 28 estatu kideek Kubarekin alde biko harremanak sustatzea, eta eztabaidarik gabe onartu dute gai ordeneko puntu hori Atzerri ministroek.

Suitza ere hizpide izan dute Bruselan, erreferendumean Europako Batasuneko immigranteei muga ezatzea erabaki zutelako igandean. Suitzako herritarrek justuan onartu zuten Europako Batasuneko herritarren mugimendu askatasuna mugatzea, botoen %50,3rekin. Erabaki horrek "ondorioak" izango dituela eta Suitzak Bruselarekin dituen beste hitzarmenei eragingo diela adierazi dute Europako Batasuneko Atzerri ministroek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.