«Kubaren eta Venezuelaren lankidetzagatik ez balitz, arazo asko izango nituzke Bolivian», azaldu du Evo Morales Boliviako presidenteak Kubara herenegun egindako bidaian. Horren adibide gisa Kubako sendagileek doan egindako operazioak aipatu ditu. Mirarizko Operazioa deritzon programari egin dio erreferentzia eskertza horretan. Kubak eta Venezuelak bultzatutako programa da, eta, horren bidez, behar gehien dituzten Latinoamerikako herriei arreta oftalmologikoa ematen zaie.
Bolivian eraldatze sozialek eta nazionalizazioek ez dutela atzerabiderik azaldu zuen Moralesek, eta bide horretatik, bere nazionalizazioen politika defendatu zuen. Kargua hartu baino urte bete lehenago, 2005. urtean, Boliviak baliabide naturalak ustiatzeagatik300 milioi dolar jaso zituela ziurtatu du. Aurten diru kopuru hori 2.000 milioi dolarretara areagotzea espero duela adierazi zuen. Diru hori programa sozialetara bideratzeko asmoa ere azaldu zuen.
Kubara egindako bidaian erresistentzia indigenen historia azaldu zuen XIX. mendeko independentziaraino Habanako Unibertsitatean. Horrez gain, bere bizitza politikoan orain arte izandako gertaerak kontatu zituen, Kuba eta Fidel Castro Kubako agintari ohia eskertuz, betiere.
Hain justu, Fidel Castrorekin elkartzeko aukera ere izan zuen Boliviako presidenteak, eta itxura onean ikusi duela adierazi zuen. Morales Paraguaira abiatu da Fernando Lugo bertako presidentearekin elkartzeko.
Kubaren eta Venezuelaren lankidetza eskertu du Moralesek
Fidel Castro itxura onean ikusi duela adierazi du Boliviako presidenteak Kubara egindako bidaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu