Migrazio Legea erreformatu du Kubako gobernuak: aurki ez dute irteteko baimenik beharko kanpora joan nahi duten herritarrek. Helmugatzat duten herrialdeko gonbidapenik ere ez dute beharko; soilik pasaportea indarrean eta doazen estatuak emandako bisa, halakorik behar dutenean. Atzerrian legez igaro dezaketen denbora ere luzatu du gobernuak: norberaren kontuengatik kanpora doazenek 24 hilabetera arte gelditu ahalko dute Kubatik at, eta gero itzuli. Hortik aurrera, Kubako kontsulaturen batek emandako egiaztagiria beharko dute, egonaldia luzatzeko arrazoiak justifikatuta.
Atzo eman zuen neurrion berri gobernuaren menpeko Granma egunkariak, eta, apurka, aldaketa gehiago egingo dituztela iragarri zuen. Erreforma Kubako Errepublikaren Kazeta Ofizialean argitaratu eta 90 egunera jarriko da indarrean: 2013ko urtarrilaren 14an. Egun hori baino lehenagoko baldintzen araberako tramiteak eginak dituztenek pasaportea berritu baino ez dute egin beharko.
Migrazio politika «oraingo eta etorkizuneko baldintzetara moldatzea» da Raul Castroren gobernuaren asmoa, aipatutako iturriaren arabera. Aski esperotako aldaketa da, bidaiatzea ez baita inoiz izan Kubako herritarrentzat gordetako luxua. Hasteko, arrazoi ekonomikoengatik; Erdialdeko Amerikako herrialde gehienen antzera, zaila da oso urrutira iristea hilean batez beste hogei dolar irabazten dituenarentzat. Bestalde, munduko herrialde gehienek sartzeko bisa eskatzen diete Kubako herritarrei, eta hori eskuratzea ere kostatu egiten da, dirutan eta ahaleginetan. Horregatik, orain arte pribilegio hori zutenek gogo txarrez hartzen zituzten gobernuak jarritako baldintza bereziak herrialdetik irteteko.
Migrazioaren garrantzia
Orain arte eskatzen zuten karta zuria, uhartetik ateratzeko baimena, 150 dolar ordainduta tramitatzen zuten Kuban. Horrez gain, eskaera egiterakoan, helmugako erakunde edo pertsonaren baten gonbidapena aurkeztu behar zuten. Kubatik kanpo 11 hilabete baino gehiago pasatzen zuten herritarrak emigrantetzat hartzen zituen administrazioak, eta Kuban utzitako ondarearen gaineko eskumena galtzen zuten.
Azken urteotan, behin eta berriz azaldu izan du Castroren gobernuak migrazio arauak berritzeko asmoa. 2008an ere iragarri zituen onartu berri dituen aldaketen antzeko proposamenak, baina ez zuen ia bat bera ere gauzatu. Besteak beste, herrialdea utzi dutenek jabetzak mantentzea eta ospa egindakoei behin betiko Kubara itzultzeko aukera onartzea jarri zuten mahai gainean, baina airean dira oraindik auzi horiek; adingabeak irlatik gurasoekin irteteko proposamenarekin, berdin.
Dena den, migrazioa izan da gobernuarentzat gai garrantzitsuenetako bat. 2008an erreformen alde mintzatu zen Felipe Perez Roque, orduko Kubako Atzerri ministroa: «Konpromiso sendoa daukagu Kubaren eta bertatik kanpo bizi diren kubatarren arteko harremanak errazteko».
Galdera da nola gauzatu erreforma horiek; migrazioa ez baita txantxetako gaia, are gutxiago Kuban. Goi mailako prestakuntza jasotako profesionalek atzerrira alde egingo duten beldur da gobernua; horregatik, irteteko baldintzak gogorragoak dira medikuentzat, unibertsitatean graduatu berri diren ikasleentzat eta «Kubaren segurtasunari eragin diezaiokeen informazioa» duten militarrentzat.
Izan ere, AEBek sarritan erabili dute Kubako migrazio politika propagandarako tresna gisa. 1960ko hamarkadaz geroztik, Kubako etorkinen migrazioa sustatu izan du Washingtonek, sartzeko ia baldintzarik ez jarriz eta kubatarrei errefuxiatu izaera emanez; hasieran, Fulgencio Batista diktadore ohiaren aldekoei, eta gerora, Kubatik etorritako guztiei. Gaur egun, AEBetako komunitate latinoen artean hirugarrena osatzen dute kubatarrek.
Horregatik, ez da harritzekoa Habana tentuz ibiltzea erreformak egiterakoan; oraingoan ere, nabarmendu dute aldaketa horrek kontuan izango duela Kubaren eskubidea «AEBetako gobernuaren eta haren aliatuen esku sartze politika subertsiboetatik babesteko». Horregatik, ezaugarri jakin batzuetako pertsonek baldintza gehiago izango dituzte, «iraultzak sortutako giza kapitala estatu boteretsuen talentu lapurretetatik babesteko». Beste guztiak baimenik gabe irten ahalko dira; beste herrialdeetan sar daitezkeen edo ez erabakitzeko eskumena helmugako gobernuaren esku utzi du, hortaz, Kubak.
Kubatarrek ez dute uhartetik irteteko baimenik beharko urtarriletik aurrera
Erreformaren ondorioz, gonbidapenik ere ez dute beharko eta kanpoan egoteko epea bi urtera luza dezakete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu