Afganistan

Kunduzeko bonbardaketa inoiz erabili ez den batzorde batek ikertzea nahi du MSFk

Ospitalearen kontrako erasoaren ardura bere gain hartu dute AEBek: "Hutsegite bat izan zen".

Hilaren 3an bonbardatu zuten ospitalea. MSF HANDOUT, EFE
Adrian Garcia.
2015eko urriaren 7a
09:07
Entzun

MSF Mugarik Gabeko Medikuak ez dira AEBez fio, eta Kunduzeko ospitalaren kontrako erasoa Gertakariak Ikertzeko Nazioarteko Batzorde Humanitarioak aztertzea galdegin dute. Genevako Hitzarmenaren babespean 1991n sortua, oraindiz inork ez du nazioarteko batzorde hori baliatu.

Genevako Hitzarmenak sinatuta dituzten 76 herrialdeei eskatu die MSFk Kunduzeko ospitalaren bonbardaketari buruzko ikerketa batzorde horretara bideratzeko, horietakoren batek bere eskaera babestea ezinbestekoa baita Gertakariak Ikertzeko Nazioarteko Batzorde Humanitarioa martxan jartzeko. NATOk, AEBek eta Afganistanek agindu dute ikertuko duela 22 hil eragin zituen bonbardaketa, baina MSFk hasiera-hasieratik eskatu zuen ikerketa independente bat.

AEBetako armadak Afganistanen duen arduradun gorenak, John Campbellek, onartu du "hutsegitez" bonbardatu zutela Kunduzko ospitalea. Buruzagi militarrak esan du Afganistango armadaren laguntza eskeei erantzunez egin zutela erasoa, baina ardurak bere egin ditu. "AEBek hartutako erabakia izan zen", esan du militarrak Senatuan egindako saio batean. "Hutsegitez izan zen. Inoiz ez genuke apropos osasun zentro bati eraso egingo".

Campbellek agindu ikerketa "garden eta sakona" hasiko dutela. Halere, ez du zehaztu ikerketa hori armadatik kanpoko eragile independente batek egingo ote duen. NATOko barne ikerketaren eraginkortasunean "konfiantza osoa" du.

Egun gutxiren buruan hiru aldiz aldatu du bertsioa AEBetako armadak. Larunbatean MSF Mugarik Gabeko Medikuen ospitalea bonbardatu zuen, eta gutxienez 22 lagun hil zituen. Hasieran erasoa "albo kalteak" izan zirela esan zuen. Hurrengo egunean, Afganistango armadak eskatuta egin zutela bonbardaketa.

MSFk gerra krimenatzat jo du erasoa. Medikuen erakundeak hainbatetan ohartarazi zien Kabulgo eta Washingtongo ordezkariei ospitalearen kokapena. Bonbardaketa hasi eta minutu gutxira berriro hots egin zieten armadako ordezkariei, erasoa eten zezaten. Halere, ia beste ordubetez jarraitu zuten lehergailuak botatzen. Kunduz probintziako ospitale bakarra da AEBek sutsitutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.