Kurdistan

Kurdistan bonbardatu eta PKK-ko ustezko bederatzi kide hil ditu Turkiak

Miliziak Iraken menpeko Kurdistanen dituen gotorlekuak bonbardatu ditu bart Turkiako armadak. Albiste agentzien arabera, Kirkuk eta Ceyhan arteko oliobidea suntsitu du gerrillak. PKKren eta Estatu Islamikoaren aurkako operazioez eztabaidatuko dute gaur Parlamentuan.

Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroa, gaur, Turkiako Parlamentuan. STR, EFE
2015eko uztailaren 29a
08:28
Entzun

Estatu Islamikoaren aurkako borroka aitzakia hartuta, joan den ostiraletik egiten ari diren moduan, bart gauean ere Iraken menpeko Kurdistan bonbardatu du Turkiako armadak, eta PKK-ko ustezko bederatzi kide hil ditu. Firat albiste agentziaren arabera, Sirnak probintzian jaurti dituzte bonbak F-16 hegazkinek.

PKK-k bere aldetik granada-jaurtigailuekin eraso die Poliziaren bulego eta etxebizitzei Hakkari eta Dijarbakir eskualdeetan. Azken horretan, gainera, polizia bat eta haren familia bahitu ditu gerrillak, iturri ofizialek salatu dutenez. Gerrillak Kirkuk eta Ceyhan arteko oliobide baten aurkako sabotaia ekintza ere egin du, Anadolu agentziak zabaldu duenez. Azken berrien arabera, soldadu bat hil eta beste bi zauritu egin dira konboi militar baten kontrako erasoak. PKKk ez du beregain hartu eraso hau. 

Miliziak, aldiz, Kobanera ezkutuan sartu asmo zuen familia bat tirokatzea egotzi die soldadu turkiarrei. Familiari laguntzera gerturatutako herritar bat eta 6 urteko haur bat zauritu dira tiroketan.

Elkarrizketetara itzultzeko deia

HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko buru Selahattin Demirtasek salatu du Estatu Islamikoaren aurkako erasoa "PKKren aurka egiteko aitzakia" besterik ez dela, eta eskatu dio Ankarari elkarrizketa mahaira itzultzeko. Hain zuzen ere, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak atzo iragarri zuen bertan behera geratua zela bake prozesua, baldin eta PKK-k armak uzten ez baditu.

AEBek eta Turkiak Siriako mugan sortu asmo duten "segurtasun eremua" ere gaitzetsi du Demirtasek. "Turkiaren helburua ez da EIri aurre egiteko eremu bat sortzea. Bai, aldiz, Sirian estatu kurdua eraiki nahi dutenen asmoak oztopatzea". Izan ere, HDPko buruaren esanetan, EIri aurre egitea balitz xedea, bat eginda borrokatu beharko lukete turkiarrek eta PKK-k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.