Kurdistango Eskualde Autonomoan 2,8 milioi herritarrek dute parlamentua aukeratzeko eskubidea gaur. 31 alderdi lehiatuko dira 111 diputatu lortzeko. Laugarren hauteskundeak dituzte 1991n Iraken barnean eskualde autonomoa ezarri zenetik, eta lehenengo aldiz zalantzan egon liteke KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoaren eta PUK Kurdistango Batasun Abertzalearen hegemonia, bi arrazoirengatik: bata, azken bi hauteskundeetan ez bezala, ez direlako koalizioan aurkeztu; eta bestea, Gorran (Aldaketa) mugimenduari emaitza onak eman dizkiotelako inkestek.
Massud Barzani presidentea da KDP alderdi kontserbadoreko burua. 40 jarleku inguru lortzea espero du KDPk, eta horrekin hegemonia mantentzea. Gorran da, ordea, aldaketa eragin dezakeena. 2009an banandu zen Jalal Talabani Irakeko presidentearen PUK alderditik, eta orduan ere emaitza onak lortu zituen: 25 diputatu. PUKek, 29 eskuratu zituen. Inkesten arabera, ordea, oraingoan Gorranek aurrea hartuko dio PUKi, eta gobernuan toki bat eskuratzeko behar besteko indarra eman diezaioke horrek. Gorramek ustelkeriaren aurkako diskurtson oinarritu du kanpainaren zati handi bat.
Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoak estatu independente baten funtzionamendua du praktikan. Ekialde Hurbilean aktore garrantzitsua izatea lortu du, alde batetik, baliabide natural aberatsak dauzkalako, eta, bestetik, kokapen geoestrategikoagatik. Irakez gain, Sirian, Turkian eta Iranen ere eragina dauka, estatu horien menpeko kurduentzat eredu bihurtu baita haren autonomia.