Kurdistanen izan da erasoa, Turkiaren menpeko Cizre hirian. Goizealdean, 05:40ak aldera, lehergailuz betetako kamioi bat zartarazi dute, Poliziaren kuarteletik gertu. Ondoren, zenbait lekukoren arabera, tiro hotsak entzun dira inguruetan. Erasoan gutxienez 11 pertsona hil dira, eta 78 zauritu. Iturri ofizialek ohartarazi dute zaurituetako batzuk oso larri daudela, eta, beraz, hildako kopuruak gora egin dezakeela datozen orduetan.
Lerro hauek idazteko unean, inork ez zuen oraindik erasoa bere gain hartu. Baina dagoeneko hainbatek PKK Kurdistango Langileen Alderdia egin dute atentatuaren erantzule.
Gerrako protagonista
Azken asteetan NBEren begiraleen jomuga bilakatu da Siriako mugatik gertau dagoen Cizre hiria. Izan ere, Turkiak setiopean izan du hiria hainbat egunez, PKKren aurka egiteko aitzakian, eta, giza eskubideen aldeko zenbait erakundek jasotako salaketen arabera, ehundik gora zibil hil dituzte operazio horietan. Hala, Nazio Batuen Erakundeak ikerketa egiteko eskatu du. Ordea, Turkiako agintariek ukatu egin dituzte salaketak.