Mundua

Kurdistango bake prozesuari iraungitze data jarri dio PKK-k: irailaren 1a

Iraila arteko epea eman dio PKK Kurdistango Langileen Alderdiak Turkiako Gobernuari, bake prozesua bideratzeko beharrezko ikusten dituzten erreforma demokratikoak indarrean jartzen hasteko. Hala egin ezean, prozesuak etena izango duela jakinarazi du KCK Kurdistango Herri Konfederazioko buru Cemil Bayik-ek.

Berria.info
2013ko uztailaren 31
17:55
Entzun

Hilabeteko epea eman dio PKK Kurdistango Langileen Alderdiak Turkiako Gobernuari, bake prozesua aurrera eramateko beharrezko ikusten dituzten erreforma demokratikoak indarrean jartzen hasteko. KCK-ko kopresidente eta PKKren sortzaile Cemil Bayikek –uztail hasieran izendatu zuten, Bese Hozatekin batera– «aurrerapenik ez bada, irailaren 1a epe muga» izango dela adierazi dio Firat News berri ajentziari.
Benetan Kurdistango gatazka konpondu nahi bada, Abdullah Ocalan buruzagi historikoak horretarako baldintzak jarri dituela nabarmendu du Bayikek. Orain urratsik ez egiteak Ankararen helburua «gerrilla akabatzea» dela esan nahiko luke, KCK-ko buruaren arabera: «Baina deuseztatzea ez da posible, herri kurdua defenditu egingo da».
Ocalan bera ere, Ankarak urratsik egin ez duelako etsita, bake prozesua babesteari uzteko prest agertu zen herenegun. Izan ere, martxoan jakinarazi zuen PKK-ko buruzagi gorenak –preso dauka Turkiak, bakartuta– bake prozesu bat martxan jartzeko negoziazioen hasiera. Hiru epetan egituratua, lehenengoan PKK-ko gerrilariek Turkiaren menpeko Kurdistan utzi behar zuten, eta duela hiru aste amaitu zuten erretiratzea. Bigarren epean, Ankarari dagokio erreforma demokratikoak indarrean jartzea –preso politikoak askatu eta hizkuntz eskubideak aitortzea, kasu–; baina Recep Tayyip Erdoganen gobernua geldi dago. Horregatik prozesuari iraungitze data jarri dio PKK-k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.