Hego-ekialdeko probintzia hori Talabaniren alderdiaren aldeko izan da. Horren disidenteek, baina, zigor botoaren aldeko kanpaina itzela egin dute. «Ezin ditugu iraultza mugimendu guztiek egindako hutsak errepikatu», azaldu du Mohammad Taufiq-ek,PUKeko buruzagitzan aritu eta Gorran plataformarekin bat egin duen politikariak. «Ekintzak ondo jardutea dakar, baina boterera iritsi eta guztiak usteltzen dira», gaineratu du. Ustelkeria, nepotismoa, boterea monopolizatzea, kudeaketa txarra eta Parlamentua baztertzea dira, besteak beste, Hego Kurdistango oposizio berriak agintean diren bi alderdiei egozten dizkien hutsak.
2003tik, AEBek Irak okupatu zutenetik, Kurdistan autonomoan nabarmen egin du egoerak hobera; Irakeko beste eremu batzuetan indarkeriaren erritmoak agindu du, eta Kurdistan autonomoan lasaitasunak aurrera egiteko tarte eman die. Hala ere, kurdu askoren artean bada nagusitu den sentimendu bat: garapenak berekin ekarritako irabaziak agintariek euren artean banatu dituztela, alegia. Horregatik, Gorran plataformak ustelkeriaren aurkako konpromisoa agindu die boto-emaileei. Horiek aski konbentzitu badituzte, Parlamentuan 40 eta 45 eserleku artean eskuratu ahalko dituzte.
Kurdistango Eskualde Autonomoko Parlamentuak 111 eserleku ditu; eta horietatik 76 gaur egun Barzaniren eta Talabaniren alderdien esku daude. 11 diputatu gutxiengo erlijioso eta etnikoak ordezkatzen dituzten taldeentzat gordetzen dira. Gaur 24 zerrenda lehiatuko dira.
Etsaiak lagun
Zerrenda Kurduan bildu dituzte indarrak Barzanik eta Talabanik. Lehenengo aldiz egin ere. Politikan etsai, 1980eko eta 1990eko hamarkadetan armak hartuta elkarren aurka aritutakoak dira. Aliantza osatzeko erabakia hartu dute, baina; bateraezintasunek hor segitzen badute ere.
Hegemonian ez bada ere, agintean irauteko nekeak, dena dela, ez dira Zerrenda Kurduaren aldeko apustua egin duten bi alderdientzat berdin. Adituen arabera, gehien arriskatu duena Talabaniren PUK izan da. Eta bereziki Barham Sali, Irakeko lehen ministrorde eta PUKen hautagai nagusia. Zerrenda Kurduak irabazten badu, Hego Kurdistango alderdi nagusiak bat etorri dira Sali lehen ministro karguan izendatzeko. Alabaina, bozetan uste baino porrot handiagoa jasaten badute, Saliten alde sinatutako akordioa bera ere ezerezean geldi daiteke. Porrotik bada, izan ere, KDPk Talabanirengana joko du, akusatzaile.
Alderdiaren geroa zalantzan jartzen duenik ere bada. 1975ean eratu zuten PUK: Jalal Talabani eta Neushiruan Mustafaizan zituen sortzaile. Azken hori, baina, alderdiaren ildo berriarekin ados ez direnen artean da; bera da plataforma berriaren hautagai nagusi. Ezkerreko ideiak zituen oinarri PUKek, baina denborak zentrora eraman du; horregatik, baita bozetara KDPrekin aurkeztu delako ere, barzanismoari men egitea leporatu diote. Talabanik, baina, uko egin dio banaketak eragindako krisia asanblea nazionalean eztabaidatzeari.
PKK legez kanpo
Ofizialki, hautagai baten alde lerratu ez bada ere, presidentetza Massud Barzanik eskuratzea espero du Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK). «Ez dugu lehiakide baten alde egin nahi, baina Barzani garai zail hauetan herrialde gidatzeko gai dela uste dugu», adierazi du Murad Kiralian gerrillariak. «Hauteskunde libre eta demokratikoak nahi ditugu, nahiz eta Al Amal legez kanpo utziz demokrazia hanka motz utzi duten». PKKren Al Hal alderdia legez kanpo utzi du Hauteskunde Batzordeak, baita ondorioz, Al Amal zerrenda ere.
Lehenengo aldia da Hego Kurdistango presidentea sufragio zuzenez aukeratzen dutela. Askok uste dute horrek are botere gehiago emango diola Barzaniri; bera da presidente karguan segitzeko faborito. Halaber, orain gutxi Parlamentuan onartutako konstituzio proiektua aurrera ateratzen bada, Parlamentua bera desegiteko ahalmena ere izango du.
Barzani oposizioari jazarri zaiola salatu dute
Massud Barzaniren alderdikideek KRM Kurdistango Aldaketaren Mugimenduaren bi jarraitzaile bahituta izan dituztela salatu du KRMko buruzagi Abdulamusuar Barzanik. Oposizioko bi kide horiek bi astez izan dituzte atxilo, ahalik eta Barzaniren alderdiaren alde bozkatuko dutela agindu duten arte.25
Milioika kurdu munduan. Mundu zabalean 20 eta 25 milioi kurdu daude. Gehienak Turkiaren menpeko Kurdistanen bizi dira: ia 11 milioi. Iranen menpekoan 5,5 milioi bizi dira, eta Kurdistango Eskualde Autonomoan 4,1. Milioi bat inguru Siriaren menpeko Iurretan bizi dira.Massud Barzani
Saddam Husseinen etsai
Saddam Hussein Irakeko buruzagi ohiak hiru anaia hil zizkion Massud Barzani Kurdistan autonomoko presidenteari. Horrek ekarri zuen etsaitasuna. Peshmergako kide izan zen 1963an, etaKDPren buruzagitza eskuratu zuen aitarengandik, hura hil eta gero, 1979an.%30
Emakumeak Parlamentuan. Iraken menpeko Kurdistango Parlamentuko eserlekuen %30 emakumeentzat dira. Hego Kurdistanen poligamia baimentzen duen legea onartu zutenean, horiek izan ziren kontra bozkatu zutenak. Elkarte feministek eta hainbat diputatuk oposizio gogorra egin zuten; Massud Barzani presidenteak, ordea, berretsi egin du, beste alderaren presioari men eginda. Ordutik poligamia baimentzen duen legea indarrean da. Kurdistango Eskualde Autonomoak, Irakeko beste eskualdeekin alderatuta, berdintasuna bermatzeko politika aurreratuena du. Poligamiaren legearekin, alabaina, atzera egin dutelakoan dira asko.Kurdistan autonomoak onartutako konstituzio proiektua berretsi behar zuten gaur; baina atzeratu egin dute galdeketa. Proiektuak eskualde autonomotik kanpo diren hiri kurduak anexionatzen ditu.
Berriz Kirkuk, berriz petrolioa
I. Zubiaurre.Kurdistango mugak ez dira eskuaira eta arkatzarekin marraztu; Kurdistanek historia latza du, baina, ez dira lazkeria horiek Afrikan bezain lotsagabe egin. Kurdistango mugak (muga ofizialak) ez dira Europako herrialde askorenak bezala, itxuran mugiezinak diren estatu marra horien gisakoak: herrialde independente bihurtzeko aukera izan zuen, 1920an, Inperio Otomanoak eta herrialde aliatuek Sevresko Ituna sinatu zutenean. Lilurak, ordea, bereak egin zituen hiru urtera, Luasanako Tratatuarekin. Ordutik Kurdistan lau estatutan banatuta ageria da mapan; Turkia, Siria, Irak eta Iran artean bizirik diraute balizko estatu kurduaren hondarrek. Haietan ere, ordea, bada errealitate ofizial bat, eta de facto-ko beste bat.
Kirkuk hirian, eta Ninive eta Dijala probintziako hainbat eremutan kurduak dira gehiengo eta nagusi. Lerro borobilduetatik bestaldera daude, ordea; alegia, Kurdistango Eskualde Autonomotik kanpo: de iure Bagdadetik gertuago, de facto Arbiletik. Niniven gertatutakoa horren adierazgarri: Atheel Najafik iragan urtarrileko bozak irabazi zituenetik, kurduen eta arabiarren arteko borroka gogortu da -Nazioarteko Krisi Taldeak gatazka armatua lehertzeko zorian dagoela ohartarazi du-.
Apirilean, Sinjar, Makhmur eta Shaikhan barrutiek Ninivetik bereiztu eta Kurdistan autonomoarekin bat egitea erabaki zuten, alde bakarretik. Ordutik, Mosul (Niniveko hiriburua) inguruko dozenatik gora herri Atheel Najafi gobernadorearen agintetik kanpo dira. «Aspaldi da Niniven kontrol eremutik ihes egin zutela. Euren miliziak indar okupatzaile gisa erabiltzen dituzte», salatu du Najafik. Niniveko gobernadorea bozetan garaile irten zenetik nazionalismo sunitaren ikur da.
Bi erreferendum egiteko
Pasa den ekainaren 24an Kurdistan autonomoko Parlamentuak konstituzio proiektua onartu zuen, bere mugetatik kanpo diren lurralde kurduak anexionatuz. Kurdistango mapa berria marrazten da bertan; lerro horiek ofizial bihurtu aurretik, ordea, erreferendum bidez berretsi beharko dute proiektua. Gaurko bozetan hirugarren hautestontzi bat jartzea zen hasierako plana. Hauteskunde Batzordeak ez du onartu, baina. Zenbait analisten arabera, AEBetako presidenteordeak, Joe Bidenek, orain gutxi Irakera egindako bidaiak izan du zerikusia horretan. Ez baita kasualitatea hark Bagdaden lurra hartu eta gutxira batzordeak herri galdeketa atzeratzeko erabakia hartu izana.
2007tik zintzilik den erreferendumarekin ere berdin gertatu da urte hauetan guztietan. Kirkuk eta Saddam Husseinek arabiartutako beste herrien geroa erabakitzeko eskubidea aitortu diete Irakeko iparraldeko kurduei, turkmenoei eta arabiarrei. Baina urte hauetan guztietan deialdiak atzeratu egin dituzte. Gauza bera gertatuko den Kurdistan autonomoko konstituzio proiektuarekin; horren beldur dira asko.
Arbilgo gobernuak, ordea, 2003ko okupazioan AEBekin lerratu izanari zor dio neurri handia batean gaur egun duen estatusa. Washingtonen aliatu izateak baditu bere abantailak; baina baita bere kostua ere. Eta badirudi herri galdeketarekin hori gertatu dela, AEBek eskatutakoari men egin behar izan diotela, alegia.
Kirkuk da berriz gatazka gune, horregatik. Kurduentzat hiriburu historiko delako, Bagdadentzat Irakeko petrolio putzu handienak han daudelako -Arbilentzat ere bada arrazoi pisuzkoa hori-. Mugak ez baitira hain garrantzitsu, ez bada tartean petrolioa dagoelako.