Europako Batasunak 2002an sartu zuen PKK Kurdistango Langileen Alderdia terroristen zerrendan, Turkiak eskatuta. Duela bi urte baina, Europako bigarren auzitegi nagusiak, Luxenburgokoak, hura zerrendatik ateratzeko agindu zion, argudiatuz ez zuela PKKri egozten zitzaionari buruzko beharrezko informaziorik eman. Bruselak, ordea, ez du gaurdaino sententzia bete, eta hori betetzea da, hain zuzen ere, Demokrazia eta Giza Eskubideen aldeko Europako Abokatuen Elkarteak aste honetan eskatu diona. «Kurduek erresistentziarako eskubidea dute, eta EBk ukatu egiten die, PKKri terroristen zerrendan eutsiz», salatu du elkarteak.
Abokatuen elkarteak plazaratutako oharraren arabera, Europako Batzordearen azken urteetako txostenetan argi geratu da Turkiak behin eta berriz urratu dituela giza eskubideak, eta EBk ez diela urraketa horiei jaramonik egiten. «PKKri terroristen zerrendan eustea akats politikoa ere bada, gatazkari irtenbide politikoa aurkitzeko ahalegina oztopatzen duelako, eta kurduen aurkako jazarpena justifikatzen duelako».
Kanporatzeen amaiera
Europako hemezortzi herrialdeetako abokatuak biltzen dituen erakundeak bost eskaera egin dizkio Bruselari: PKK terroristen zerrendatik kentzea; Kurdistango gatazka amaitzeko gizartea sostengatzen jarraitzea; errefuxiatu politikoen kanporatzeak amaitzea; erakunde kurduetako kideei asiloa emateko Turkiak jartzen dituen murrizketak kentzea; eta EBko terroristen zerrenda desagerraraztea.
Dena den, Europako Batasuna ez da PKK zerrenda beltzean sartu duen bakarra; gauza bera egin zuten bere garaian AEBek, NBEk eta NATOk ere. Azken urteetan Ankarak berak hainbat komunikabide, erakunde eta alderdi legez kanporatu ditu Kurdistango Langileen Alderdiarekin zerikusia izatea leporatuta. Horietako bat izan da Gizarte Demokratikorako Alderdia.
«Kurduek erresistentziarako eskubidea dute»
PKK 'terroristen zerrendatik' kentzeko eskatu dio Bruselari Giza Eskubideen aldeko Abokatuen Elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu