Gaur amaituko da Durban hirian (Hegoafrika) egiten ari diren NBE Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketaren goi bilera, baina ez dute 2012an amaituko den Kyotoko Protokoloaren lehen fasea luzatzeko adostasunik lortu. Porrotera kondenatutako bilera izan da, hainbat herrialdek hasieratik adierazi baitute ez dutela bete beharreko nazioarteko akordio bat sinatzeko asmorik.
Afrikako herrialdeek Kyotoko Protokoloa luzatzearen alde egin dute, eta Japoniak, Errusiak eta Kanadak akordioa eten nahi izana kritikatu dute. Horiek, baina, ez daude prest munduan gas kutsagarri gehien isurtzen duten herrialdeek —AEBak, Txina eta India, besteak beste— beteko ez duten akordio bat luzatzera.
EB Europako Batasunak, berriz, Kyotoko Protokoloa luzatzeko 2015ean gas kutsagarriak igortzen dituzten herrialde guztientzat bete beharrekoa izango den akordio global bat lortzeko negoziatzen hastea proposatzen du, 2020an indarrean jartzeko. Adituek, baina, klima aldaketa geldiarazteko denbora amaitzen ari dela diote.
AEBak eta Txina oztopo
Negoziazioak atzeratzeko oztopoak jartzea leporatu diete, bestalde, AEBei Kyotoren luzapena babestu duten herrialdeek. AEBek adierazi dute Txina bezala garapen bidean dauden potentziak ere gas kutsagarriak gutxitzera behartuko dituen akordioa soilik sinatuko dutela. Txinak, berriz, klima aldaketaren erantzukizuna herrialde garatuena dela dio.
Kyoto luzatzeko adostasunik ez dago Durbango goi bileraren amaieran
2012an amaituko da Kyotoko Itunaren lehen fasea; AEBei akordioa lortzeko oztopoak jartzea leporatu diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu