ekialde hurbila

Labankadak zauri gaiztotuan

Jerusalemgo sinagoga batean gertatutako erasoak istiluak piztu ditu lurralde okupatuetan. PAHFeko bi kidek bost israeldar hil dituzte, labankadaz eta tiroz. Alderdiek probokazioa egotzi diote elkarri.

Bala zulo bat, Jerusalemgo Har Nof auzo ultraortodoxoan, atzoko erasoa gertatu zen gunearen ondoan. JIM HOLLANDER /EFE
Samara Velte.
2014ko azaroaren 19a
07:47
Entzun

Jerusalem sutan dago berriz. Azken asteotan pilatutako amorruak goia jo du, eta herritarren haragian lehertu da. Atzo goizean, bi palestinarrek bost israeldar hil eta beste bost zauritu zituzten hiriaren mendebaldeko sinagoga batean. Israelgo Gobernuak eta Palestinako alderdiek elkarri egotzi diote gertakaria probokatzearen ardura, eta agerian geratu da erakundeek ezin dituztela kontrolatu egoera politikoak herritarrengan eragindako erreakzioak. Erasoaren ostetik, Zisjordania osora zabaldu dira istiluak eta eskuin muturrekoen erasoak.

Hilketa atzo goizean gertatu zen, egunsentiko errezoan. Bi lagun, ustez Jerusalem ekialdeko palestinarrak, labanekin eta aizkorekin sartu ziren Had Nof auzo ultraortodoxoko sinagogara, eta zuzenean oldartu zitzaizkien errezoan ari ziren juduei. Hildako hiruk AEBetako naziotasuna ere bazeukaten, eta beste bateak Erresuma Batukoa. Poliziak berehala hil zituen bi palestinarrak, tiroz. Gaur jakin denez, tiroketa horretan erasotzaileek tiroz larri zauritu zuten polizi israeldar bat ere hil da, ospitalean.

Benjamin Netanyahuk presako bilerara deitu zuen bere kabinetea eguerdian. Iragarria zuen «burdinazko eskuaz» erantzungo zuela, eta, ezer baino lehen, bi erasotzaileen etxeak eraisteko eta haien senideen aurkako neurriak hartzeko agindu zuen. Arratsalderako, istiluak bazter guztietara hedatuta zeuden. Israelgo Shin Bet barne segurtasunerako zerbitzuak sarekada abiatu zuen Jerusalem ekialdean: ustezko hiltzaileen hamabi senide atxilotu, eta haiek bizi ziren auzunerako sarbidea itxi zuten hormigoizko blokeekin. Bizilagunen protestei negar-gasekin erantzun zien Poliziak, eta eskola bat ere ebakuatu behar izan zuten istiluengatik.

Zisjordanian, ohiko protestak ez ezik, palestinarren eta kolonoen arteko talka larriak ere sortu ziren. Maan agentziaren arabera, israeldarrek eskola palestinar bati egin zioten eraso Nablusen. Inguruko herritarrek aurre egin zieten, eta Israelgo armadak eta mugako Poliziak granadak erabili zituzten haiek sakabanatzeko. Antzeko gertakarien berri eman zuten Ramallahen eta Jerusalem iparraldean.

Sinagogako erasoa gertatu zen lekuan bertan ere protesta egin zuten eskuin muturreko judu ultraortodoxoek, «arabiarrentzako heriotza» eta «mendekua» eskatuz. Alferrik izan ziren Nir Barkat alkatearen eskariak, tentsioa baretu eta «legea norbere esku» ez hartzeko: atzo arratsaldean, hiru israeldarrek 22 urteko palestinar bati labanarekin egin zioten eraso. Senideek hedabide palestinarrei jakinarazi zietenez, «oso larri» eraman zuten Jalal Radwan gaztea ospitalera.

Palestinarrek txalotu dute

Mundu osoko erakundeek gaitzetsi dute sinagogako erasoa; Washingtonek, gainera, AEBetako sinagogetako segurtasuna handitzeko agindu du, eta FBI polizia federalaren laguntza eskaini dio Tel Avivi ikerketarako. Nazio Batuen Erakundeak, dena den, mendekuarekin kontuz ibiltzeko ohartarazi dio Tel Avivi, erantzunak ez duelako «nazioarteko legedia urratu» behar.

Netanyahuk PAN Palestinako Aginte Nazionaleko burua jo du erantzule: «Hamasek eta Abu Mazenek [Mahmud Abbasek] eragindako probokazioaren ondorio zuzena da gaurkoa. Eta nazioarteak, axolagabetasunez, propio ukatzen du arazo hori».

Abbasek, ordea, berehala gaitzetsi du goizeko erasoa. «Errezoan ari ziren juduen hilketa txartzat jotzen dugu, egilea edozein izanda ere», adierazi zuten atzo goizean presidentearen bulegotik, eta nabarmendu zuten PANek bi estatuko irtenbide bat lortzeko asmoari eusten diola.

Palestinarren «mendekua»

Palestinako gainerako fakzio politiko nagusiek, aldiz, txalotu egin dute. Reuters agentziaren arabera, PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteak onartu du bere bi kide izan direla sinagogako erasoaren egileak; talde armatuarentzat «ekintza heroikoa» izan da. Hamasek, Jihad Islamikoak eta Herri Erresistentziarako Komiteek ere babestu dute. «Okupazioko indarrek egindako krimenekiko erantzun naturala izan da Jerusalemgo operazioa», adierazi du Jihad Islamikoak. Hamaseko bozeramaile Sami Abu Zuhrirentzat, bezperan hilda agertutako autobus gidari palestinarraren omenezko mendekua izan da.

Azken asteotan gutxienez sei lagun hil dira Jerusalemen bi aldeetako herritarren arteko istilu eta mendekuzko ekintzetan. Yusuf Hasan al-Ramouni gidariaren heriotzak asko igoarazi du tentsioa aste honen hasieran: bere autobusaren barruan urkatuta agertu zen astelehenean. Auziak zalaparta handia eragin du: segurtasun indarrek diote bere buruaz beste egin zuela; familiak, aldiz, eskuin muturreko kolonoei egotzi die ardura.

Palestinako epaile gorenak ere bertsio hori sinesten du. «Al-Ramouniren hilketa krimen bortitza izan da», adierazi du Mahmud al-Habbash juristak: «Israelgo gizartean nagusi den pentsaera kriminalaren adierazlea da: agerian uzten du arabiar eta musulmanekiko gorrotoa, okupazioaren liderrek kolono terroristei ematen dieten babesarekin bultzatzen dutena». Erasoen kateak palestinarren artean erreakzio gogorra eragin dezakeela ohartarazi du, eta hori «gerra erlijioso» bilaka daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.