elikadura

Laborategian sortutako hanburger artifiziala aurkeztu dute Londresen

Behi aziendako ama zelulekin garatu dute, eta Sergei Brin Googleren sortzaileetako batek finantzatu du proiektua.

2013ko abuztuaren 6a
14:05
Entzun

Maastrichteko Unibertsitateko zientzialariek sortu eta garatu dute hanburger artifiziala, horretarako behi jatorriko ama zelulak erabilita. 250.000 euro izan dituzte horretarako, Brinek ordainduta. Zelula amak erabiliz, 20.000 gihar sortzea lortu zuten zientzialariek. Izoztu eta desizoztu ondoren horiek masa trinko batean batu ziren, erretzeko prest. Gaur aurkeztu dute hanburgerra, Londresen. Prozesuan hamarka milioi zelula ama erabili zituzten. 

Azaldu dutenez, zientzialari herbeheretarrek, Mark Post buru zutela, zelula amak elikatuz lortu dute biderkatzea, gai kimikoekin horien hazte prozesua azkartuz. Hiru astez aritu dira lan horretan eta milioi batetik gora ama zelula sortzea lortu zuten. Hainbat ontzietan banatu zituzten, eta hor ama zelulak elkartzen joan ziren zentimetro bateko luzera eta hainbat milimetrotako zabalera duten giharrak sortu arte.

Itxura errealagoaren bila

Aurkezpenean esan dutenez, hanburger artifizialari itxura "errealagoa" emateko lanean jarraitzen dute zientzialariek, laborategian sortutako haragia txuria delako eta zaporea ez delako behar bezain ona, arduradunak jakinarazi duenez. Gaurko aurkezpenean hainbatek jan dute hanburger artifiziala. "Haragiaren antzeko zerbait da", esan du Hanni Rützler elikaduran adituak. Hala ere, haragizko hanburgerren grasa faltan bota duela aitortu du.

Mark Postek esan du hanburger artifizialak ez duela arriskurik, berak ere jan duela eta zalantzarik gabe bere seme-alabeie emango liekeela jateko: "Behiaren ehun bera du eta haragia da, ez du zertan haragi normala baino arriskutsuagoa izan behar".

Aurkezpenean esan dute etorkizunean haragi eskasiari aurre egiteko irtenbidea izan litekeela haragi artifiziala, eta aldi berean animalien sufrimenduarekin sentsibilizatuta haragia jaten ez dutenentzako aukera izan litekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.