Protestak herrialde arabiarretan

Lagun bat hil dute, eta ehunka manifestari zauritu dituzte Jordanian

Erregimenaren aldekoek harriak jaurti dizkiete erreformak eskatzen dituzten manifestariei

Erredakzioa
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Erreforma demokratikoak exijitzeko manifestazioa egin zuten atzokoan Ammanen, Jordaniako hiriburuan. Poliziak borrekin eta ur txorrotekin desegin zuen elkarretaratzea eta liskarretan lagun bat hil zen, protestak hasi direnetik lehena herrialde horretan. Beste ehun pertsona inguru zauritu zituzten.

Gamal Abdel Nasser plazan bildu ziren milaka lagun ostiraleko protesta deialdiarekin bat eginaz. Hainbat ezezagunek harriak jaurti zizkieten manifestariei eta liskar gogorrak jazo ziren. Harrika aritu zirenak erregimenaren aldeko taldeak izan zirela uste dute, izan ere, ordu batzuk lehenago milaka lagun bildu ziren Ammanen Abdala II.aren aldeko manifestazio batean. Nida al Uatam mugimendu monarkikoak, ekitaldiaren antolatzaileak, erasoekin zerikusirik ez duela azaldu du, ordea.

Poliziak liskarrak eteteko esku hartu zuen, eta, oposizioak, erregimenaren aldekoak geldiarazi ordez euren aurka oldartu zirela salatu du. Borrekin eta ur txorrotekin desegin zuten bilkura. Ehunka lagun zauritu ziren Poliziaren kolpeen eta erregearen aldekoek jaurtitako harrikaden ondorioz.

Erreforma demokratikoak

Tunisiako eta Egiptoko iraultzek adoretuta, kalera egin dute azken asteotan Jordaniako hainbat hiritan. Hiriburuaren erdigunean kanpatuta daude oposizioko kideak duela hainbat astetatik. Konstituzioan erreformak egitea, erregearen botereak mugatzea eta hauteskundeakegitea exijitzen dute. Iragan azaroan egin ziren hauteskundeetan iruzurra egon zela salatzen baitute. Izan ere, hainbat alderdik boikoterako deia egin zuten bozketa garbia egiteko bermerik ez zegoelako.

Gobernuak, bitartean, «duela hainbat urte hasitako erreformekin» jarraitzen duela azaldu du. Hain zuzen ere, azken asteotan hainbat aldaketa iragarri dituzte, baina horiek ez dituzte oposizioko kideen eskariak asebete.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.