Atentatu suizida egin dute gaur arratsaldean Teheranen eta, Irango telebistaren arabera, erasoaren egileek lagun bat hil dute eta zortzi zauritu. Hiriaren hegoaldean izan da atentatua, Khomeini imanaren mausoleo baten ondoan.
Giro nahasia dago Iranen ekainaren 12ko hauteskundeen ondoren, oposizioak "iruzurra" salatu eta egunero daudelako protesta mobilizazioak. Oposizioak dio 50-60 lagun hil direla harrezkero, Irango Gobernuak zazpi direla hildakoak.
Irango Zaindarien Kontseiluak gaur jakinarazi hauteskundeetako botoen %10 baizik ez dituela kontatuko. Asteartean iragarri zuen ez zituela boto denak kontatuko; "irregulartasunak salatu diren tokietakoak" soilik. "Legez ez gaude behartuta botoak kontatzera. %10 zenbatuko ditugu, hauteskundeetan galdu duten hiru hautagaien aurrean", esan du Zaindarien Kontseiluak.
Oposizioak bozak berriro egiteko eskatua du. Mir Hussein Mousavi hautagai progresistaren jarraitzaileak ari dira, batik bat, protestak egiten, eta Mahmud Ahmadinejad kontserbadore eta egungo presidentearen aldeko miliziekin borrokatu dira. Irango Polizia ere aritu da manifestarien aurka.
Emaitza ofizialen arabera, Ahmadinejadek alde handiz irabazi ditu hauteskundeak, %62,63 babesa lortuta. Ondorioz, ez du bigarren itzulirik beharko.
Mousavik botoen %33,75 bildu ditu, Mohsen Rezai kontserbadoreak %1,73 eta Mehdi Karrubi erreformistak %0,85.
25 milioi lagunek eman zuten botoa.
Iran
Lagun bat hil dute Teheranen, atentatu suizidan
Khomeini imanaren mausoleo baten ondoan egin dute erasoa. Zaindarien Kontseiluak botoen %10 kontatuko ditu, "hauteskundeetan galdu duten hiru hautagaien aurrean". Oposizioak hilaren 12ko bozetan "iruzurra" egon zela salatu du, eta horiek berriro egiteko eskatua du. Emaitza ofizialen arabera, Ahmadinejad kontserbadore eta egungo presidenteak irabazi zuen, %62ko babesarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu