Lagun bat hil eta beste 39 zauritu dira Jerusalemen izandako atentatuan

Gazatik misilak jaurti dituztela esanda, bonbardatuz jarraitu du Israelek zortzi lagun hil ostean ere

Jon Fernandez.
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Emakume bat hil eta beste 31 lagun zauritu ditu Jerusalemgo autobus geltoki batean jarritako lehergailuaren eztandak. Atzo arratsaldeko hiruretan (Israelgo ordua) izan zen atentatua hiriburuko Binianei Hauma kongresu jauregiaren eta autobus geltoki zentralaren arteko geltoki batean. Lerro hauek idazterako orduan, inork ez zuen bere gain hartu erasoa.

Jerusalemerako sarbide garrantzitsuenetako batean izan da leherketa, eta Egued konpainiako 74. lineako bi autobus harrapatu ditu. Geltokiko telefono kabina baten ondoan utzitako poltsa baten barruan zegoen kilo bat eta bi kilo bitarteko leherkaria. Bi ibilgailuak jendez beteta zihoazen, baina eztanda kanpoan izan zenez, ez zituen hain gogor harrapatu leherketak. Hala ere, 59 urteko emakume bat hil egin da, eta beste hiru lagun oso larri daude. Guztira, 39 dira zaurituak, larrialdi zerbitzuen arabera.

2004az geroztik Jerusalemen izandako bonba bidezko lehen atentatua da atzokoa, eta Nir Barkat alkateak adierazi du «ahalik azkarren normaltasunera bueltatuz» erantzungo dutela. Horrez gain, Benjamin Netanyahu lehen ministroak Errusiara egitekoa zuen bidaia atzeratzea erabaki du, eta gobernuaren larrialdizko biltzarra antolatu du.

Indarkeriaren gorakada

Salam Fajad PANeko lehen ministroak ere gaitzetsi egin du «eraso terrorista, edozein dela ere atzean dagoena». Alabaina, zehaztu du bi aldeek zibilen kontra egindako erasoak gaitzesten dituela, eta «indarkeriaren bolada eteteko» eskatu die bi aldeei.

Izan ere, Gaza eta inguruetan indarkeriak gora egin du nabarmen azken egunotan. Asteartean Israelek hildako zortzi palestinarren hiletak —tartean bi adingabe— egin baino lehen, bonbardaketa gehiagorekin jarraitu zuen atzo Israelgo armadak. Gazan bost zibil hil izanaren «mina» duela aitortu du Netanyahuk, baina «israeldarrak defendatzeko erasoekin jarraituko dutela» ohartarazi du.

Israelgo armadaren arabera, asteartetik asteazkenera bitarteko gauean eskuz egindako hainbat misil jaurti zituzten Gazatik inguruetako hirietara. Palestinarren misilak, besteak beste, Ashdod hiritik bost kilometrotara eta Negev desertuko Ber Sheva hiriburura iritsi direla salatu dute israeldarrek, zauriturik eragin ez duten arren.

Erantzun gisa, Gaza iparraldeko Beit Lahia eremua eta hiriburuaren ekialdeko Zeitun errefuxiatu gunea bonbardatu ditu Israelgo armadak, hainbat zibil zaurituz. «Ashod hiriari eraso ziotenak zeuden eraikinari egin diogu eraso, eta bete-betean eman dugu jomugan», adierazi du Israelgo armadak, agiri bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.