Pakistango zerbitzu sekretuek ere ukatu egin dute atzerritik Pakistanera joandako giza laguntzaileak arriskuan daudela. «Urak estalitako eremuetan, ipar-ekialdean salbu, ez da atentatuterrorista askorik gertatu orain arte». Segurtasun eta informazio agentziak erne daudela adierazi dute, hala ere.
Segurtasuna, kezka
Uholdeen eraginez, Pakistango armadak hondamendiari aurre egiten jarri du arreta. Soldaduak zeregin horretan ari direla ekintzaileek antolatzeko aukera izan dute, zenbait adituren ustez. Hala eta guztiz ere, uholdeak izan direnetik, ez da atzerritik hara joandako giza laguntzaileen aurkako erasorik gertatu.
Ez du askorik lasaitu horrek OME Osasunerako Mundu Erakundea. Izan ere, nazioarteko erakunde horren bozeramaileak adierazi duenez,segurtasunak buruhauste bat baino gehiago eragin die dagoeneko Khyber-Pakhtunkhwan eta Balutxistanen. «Horrek esan nahi du gure jarduera hainbat eremutan moteldu egin beharko dugula», gaineratu du Ahmed Fara Shadoulek.
Duela lau aste egin zuten ibaiek gainezka Pakistanen; euriteengatik, herrialdean sekula izan gabeko giza krisia gertatu da. NBEk dio hamazazpi milioi lagun inguruk izan dituztela kalteak; bost milioi lagunek ez dute nora jo izango urak atzera egiten duenean. 1.600 pertsona hil dira dagoeneko eta herrialdearen ia herena urpean geratu da. Azken hamarkadetako uholderik okerrenak izan dira.
Ura bere bidera ari da itzultzen iparraldean eta erdialdean; hegoaldean, aldiz, egoera okerrera egiten ari dela ohartarazi dute agintariek. Itsasoaren maila handitu egin da; eta hori dela eta, gainezka doazen ibaiak ezin hustu daude. Inguru haietan euriteak espero dira datozen egunetarako. Badaezpada, ehunka lagun hasi dira ateratzen handik.
Pakistango uholdeek eragindako hondamendiari nazioarteak emandako erantzuna atzeratu egin da; nabarmen azkarrago aritu zen Haitiko lurrikaran. Gobernuak informazio urria eman izanak eta nazioartearen mesfidantzak eragin dute atzerapena, besteak beste.
Nazioartearen laguntza atzeratu egin da
I. Z.Hamar egun. Hainbeste pasatu ziren nazioartea zer gertatzen ari zen ohartu arte. Indo ibaiak gainezka egin eta urak Pakistango eremu zabalak hartu zituenetik hamar egunera iritsi zen Ban Ki-moon herrialdera. «Ez dut sekula halakorik ikusi», onartu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak hara heldutakoan. Ordurako hondamendia sekulakoa zen. Munduan gertatutako beste hainbestetan ez bezala, nazioarteak motel, geldoegi erantzun zuelako Pakistanen. Hunkitzen ez duten horietakoak gertatu dira hango uholdeak.
Pakistango Gobernuari egozten diote batzuek atzerapena. Ibaiek gainezka egin zutenetik ez baitu informazio argirik eman. Ezin jakin, hortaz, herrialde hartan zer gertatzen ari zen. Haatik, nazioarteak gobernua susmagarritzat, usteltzat dauka. Eta nazioarteak ezin izan du jokatu Haitin bezala. Europak gertukoago omen du, dena dela, Haiti; hori dela-eta mugitu omen ziren hain azkar herrialde hartan lurrikara izan zenean.
Duela bost urte Pakistanen lurrikara gertatu zenean ere nazioartea bizkorrago aritu zen. Orduan, baina, Islamabadeko gobernua ez zegoen terrorismoaz kezkatuta daudenen lupapean. Badaezpada, dirua ere NBEren esku uzten dute orain.