ASIAKO LURRIKARA

Laguntza handiagoa eskatu dio Musharrafek nazioarteari

NATOk 1.000 militar eta ura edangarri bihurtzeko hiru planta bidaliko ditu

AGENTZIAK - ISLAMABAD
2005eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Pakistango presidente Pervez Musharrafek diru laguntza handiagoa eskatu zion atzo nazioarteko komunitateari. diru laguntza premiazkoa da urriaren 8ko lurrikarak suntsitutako herriak berreraikitzeko. Hiru milioi herritar inguru babesik gabe geratu dira Kaxmirren eta Pakistanen, eta negua hurbildu ahala, arriskuan dago haien bizia.

Musharrafek espero du aterperik gabeko guztiei giza laguntza eman ahal izatea negua iritsi aurretik; baina, horretarako, nazioartearen sostengua behar dute bi herrialdeek: elikagaiak, osasun artatzea, azpiegiturak zein etxeak berreraikitzeko baliabideak. Pakistango presidenteak nabarmendu duenez, 500.000 etxe berreraiki beharko dituzte. Horren aurretik, aldiz, hotzari eta eguraldi txarrari aurre egiteko milaka kanpadendaren premian daude Kaxmirko eta Pakistan iparraldeko herritarrak. Nazio Batuen Erakundeak 30.000 kanpadenda bidali ditu eta Nazioarteko Gurutze Gorriak beste 53.000. Hala ere, askoz gehiago behar dituzte: gutxienez 450.000, NBEko giza laguntzarako koordinatzaile Jesper Lunden arabera.

Milaka kanpadenda ekoizteko agindua

Pakistango Gobernuak eguneko 8.000 kanpadenda ekoizteko eskatu die enpresei. Alabaina, ekoizleek diote ezinezkoa dela hainbeste kanpadenda egitea. «Pakistango fabrikek ezin dituzte egunean 5.000 kanpadenda baino gehiago egin», ohartarazi zuen atzo M. J. Aftabek, Nooruddin lantegiko arduradunak.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak, laguntza eskaerari erantzuteko, bilera egin zuen atzo. Eta Kaxmirrera eta Pakistanera 1.000 militar bidaltzea erabaki zuen, giza laguntzan, berreraikuntzan eta osasun artatzean laguntzeko. Horretaz gain, ura edangarri bihurtzeko hiru planta bidaliko ditu. Joan den astean giza laguntza bidali zuen NATOk. AEB Ameriketako Estatu Batuek agindu dute, bestetik, helikoptero gehiago bidaliko dituztela datorren astean. India ere giza laguntzan aritzeko hegazkinak eta helikopteroak bidaltzeko prest dago. Pakistanek, ordea, ez du nahi Indiako eskifaia sartzerik bere menpeko Kaxmirren edo Pakistanen, eta oraingoz ez du eskaintza onartu. New Delhiren eta Islamabaden arteko tirabirek eragotzi dute, era berean, Kaxmir zatitzen duen Kontrol Lerroa irekitzea. Pakistanen menpeko Azad Kaxmir lurraldea (iparraldea) izan da lurrikarak gehien hondatu duen eremua dozenaka mila herritar hil eta ehunka mila aterperik gabe utzi ditu, baina Indiaren menpeko Jammu eta Kaxmirren ere (hegoaldea) kalte handiak eragin ditu gutxienez 1.400 herritar hil ditu. Nazio Batuen Erakundeak muga irekitzeko eskatu die Indiari eta Pakistani, giza laguntza eta berreraikuntza lanak errazteko. Baina mugak itxita dago oraindik ere, lurrikara izan eta bi aste geroago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.