Lampedusak gainezka egin ostean, Italiak migratzaileen kontrako jarrera gogortu du

Etorkinak atxikitzeko epea luzatu du Erromak, eta atxilotze zentro gehiago eraikiko dituela jakinarazi du, Von der Leyenen bisitaren biharamunean

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa, herenegun, Lampedusa irlan (Italia), migratzaileek erabilitako ontziei begira. FILIPPO ATTILI / EFE.
ander perez zala
2023ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Etorkinen etorrera jendetsuaren ondorioz Lampedusak gainezka egin ostean, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak egoera hori errepikatzea eragotzi nahi du, eta, batez ere, asilo eskatzaile gehiago herrialdera ez iristea. Horretarako, neurri zorrotzagoak hartzea erabaki du, uharte horretan joan den astean gertaturikoa —hiru egunean 8.500 etorkin heldu ziren 6.000 biztanlerako irlara— kolpe gogor bat izan baita haren sinesgarritasunarentzat, kontuan harturik joan den urteko bozak migrazioaren kontrako diskurtsoa erdigunean jarrita irabazi zituela. Melonirentzat, asilo eskatzaileen aurkako jarrera gogortzea eta horien egoera okertzea da irtenbidea; gobernuak atzo jakinarazi zuenez, luzatu egin dute migratzaileak atxikitzeko denbora, eta atxilotze zentro gehiago eraikiko dituzte.

Italiako Gobernuaren erabakia iniziatiba berreskuratzeko estrategiaren parte da, orain arteko saiakerek ez baitute etorkinen kopurua jaisteko balio izan. Horren erakusle, kopuru ofizialak: aurten 127.000 migratzaile baino gehiago heldu dira Italiara, iaz epe berean heldutakoak halako bi ia.

Joera aldatu nahi du Erromak, eta hori lortzen saiatzeko zera egingo du, gobernuak atzo azaldu zuenez: aberriratzea itxaroten ari diren etorkinak atxilo izateko denbora hiru hilabetetik urte eta erdira igo dute, eta atxilotze zentro gehiago eraikiko dituzte, batez ere «eremu bakartuetan». Eta Melonik herenegun Lampedusan egindako bisitan azaldu zuenez, EB Europako Batasunaren itsas misio bat ere nahi du Mediterraneoan; hori proposatuko die EBko beste estatu kideei, datorren hilabete amaieran egingo duten Europar Kontseiluan. «Oraindik ere uste dut ez dugula inoiz [migratzaileen afera] konponduko soilik birbanaketaz arituta; hau konpontzeko modu bakarra irteerak gelditzea da», argudiatu zuen Italiako lehen ministroak. Horretan sakondu nahi du, Bruselak hilabeteotan egin duen antzera.

Eta talde komunitarioaren estrategiaz aritu zen herenegun, hain justu, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Hura ere Lampedusan izan zen, Melonirekin eta Europako Batzordeko Barne komisario Ylva Johanssonekin batera, eta bisita hori baliatu zuen Europako Batzordearen urteotako jarreran sakontzeko. Bide batez, beste behin ere, Von der Leyenek agerian utzi zuen Bruselak eta Erromak migrazioaren aferan duten jarrera nahiko antzekoa dela; besteak beste, «erantzun koordinatu bat» iragarrita, eta lehentasuntzat jarrita etorkin gehiago ez heltzea Europara.

«Niretzat oso garrantzitsua da, migrazio irregularra Europaren erronka bat baita, eta Europaren erantzun bat behar baitu. Hortaz, elkarrekin gaude. Guk erabakiko dugu nor datorren Europako Batasunera eta zer baldintzatan; ez trafikatzaileek».

Europako Batzordeko presidenteak hamar puntuko plan bat ere jakinarazi zuen horretarako, baina, praktikan, ez zuen berritasunik iragarri, orain arteko neurriak errepikatu baitzituen, modu batera edo bestera.

Eta agerraldi horretatik egun batera, atzo, Porto Empedocleko identifikazio zentroan (Italia) zeuden ehun bat etorkinek ihes egin zuten; Lampedusara iritsi ziren migratzaileetako batzuk ziren, eta irla horretatik eraman zituzten Porto Empedoclekora.

Frantziaren laguntza

Bien bitarterako, Italiak EBko beste estatu kide baten berehalako lankidetza izango du. Frantziako Barne ministro Gerald Darmanin Erromara joan zen atzo, eta laguntzeko prestutasuna helarazi zion Italiako Gobernuari etorkinen etorrera gelditzeko.

Bidaia horren aurretik CNews telebista kateari emandako elkarrizketan, Darmaninek azaldu zuen «muga kontrolatzeko laguntza» emateko prest dagoela Paris, joan den ekaineko migrazio itunak jasotzen duen modura. Hori bai, Barne ministroa argi mintzatu zen: Melonik EBko estatu kideei laguntza eskatu dien arren, Frantziak ez du migratzaile gehiago hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.