Lampedusako etorkinen aferak aurrez aurre jarri ditu Frantzia eta Italia

Iheslariak hartzeko neurri zorrotzak ezarri ditu Parisek; Erromak Italiaren «aurkako jarrera» egotzi dio

Erredakzioa
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunaren erronketako bat da immigrazio politika bateratua adostea, baina haren kideen arteko etengabeko tirabirek asmoa errealitate izatetik urruti dagoela erakutsi dute. Horren adibide, Afrika iparraldetik Italiako Lampedusa uhartera ailegatutako etorkinen aferak Parisen eta Erromaren artean sortutako eztabaida. Tunisiatik iritsitako 20.000 iheslari ingururi herrialdean aldi baterako bizitzeko eskubidea onartu die Italiak. Barne ministro Roberto Maronik azaldu du etorkin gehienek EBko bertze herrialdeetara joan nahi dutela, eta Italian bizitzeko baimenarekin Schengen eremuan ibiltzeko libre izanen direla. Frantziak, ordea, baimen horren aurkako neurri zorrotzak hartu ditu. Italiaren «aurkako jarrera» izatea leporatu dio Maronik Parisi.

Italiak hartutako neurriak iragan asteartera arte Tunisiatik ailegatutako iheslariei eragiten die. Ordutik iritsitakoak berehalakoan aberriratuko ditu, Tunisiako Gobernuarekin adostu duenez. Frantziak dio, ordea, «EBko kide batek hirugarren herrialde bateko herritarrei» bere mugetan bizitzeko baimena emateak ez duela erran nahi «legezko egoeran» daudenik. Beraz, horrelako baimen bat duten etorkinak hartzeko bortz baldintza jarri ditu Parisek: indarrean dagoen bidaia agiria edukitzea eta hori Frantziak onartutakoa izatea, bizileku baimena edukitzea, «gutxieneko baliabideak» justifikatzea (62 euro pertsonako eta eguneko), eta Frantzian gehienez duela hiru hilabetetik sartu izatea.

Galdutako etorkinen bila

Lampedusara bidean gertatutako etorkinen azken ezbeharrari dagokionez, berriz, Italiako salbamendu taldeek atzo goizean berrekin zioten itsasoan galdutakoen bilaketa lanei. Pietro Carosia komandanteak azaldu du «egur zatiren bati helduta bizirik ateratako norbait aurkitzeko itxaropena» dutela, baina itsas gainetik berreskuratu beharreko gorpuak 200 baino gehiago direla jakinarazi dute agintariek. Hondoratu eta gutxira 48 lagun onik atera zituzten erreskate taldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.