Hotzak, gose, egarri eta gaixo iristen dira Lampedusara etorkinak, egun askotako bide luze eta zaila egin ostean. Haiek hartzen dituzten lehen zentroan, sarna infekzioa kentzeko neurriak hartzen dituzte, biluzik jarrita, hotzean, eta denen aurrean. Immigrante batek grabatu ditu irudiok, eta gasolindegietan egiten diren autoen garbiketekin konparatu du han gertatzen dena. RAI2 kateak eman ondoren, han eta hemen zabaldu dira irudiak.
"Kontzentrazio eremu bat dakarkidate gogora irudiok", azaldu du Giusi Nicolini Lampedusako alkateak, eta Agrigentoko Fiskaltzak ikerketa zabaldu du, indarkeria pribatuaren delitua eta tratu txarrak daudelakoan. Europako Batzordeak ere ikertuko du Lampedusako zentroko arduradunek "baldintza duinak urratzen" dituzten ala ez, eta hala bada, "zigor ekonomikoak" iragarri ditu.
Irudion gogortasuna are gogorragoa gertatzen da, hara nola iristen diren kontuan hartuta. Urrutirago joan gabe, urrian 500 lagun baino gehiago hil ziren lurra hartu aurretik, tartean haur asko, eta handik bizirik ateratako askok entzun zuten Enrico Letta lehen ministroak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak esan zutena: orduan agindu zuten zentroko baldintzak hobetuko zituztela. Esaten dutena egin dezatela esanez kargu hartu zien orduan Lampedusako alkateak.