Azken hiru mendeetan industrializazioak eta telekomunikazioen garapenak nazioarteko eredu sozioekonomikoak irauli badituzte ere, gaur egun munduko biztanleriaren ia erdia landa eremuetan bizi da -2.968 milioi lagun, NBE Nazio Batuen Erakundearen 2008ko datuen arabera-. IFAD Nekazaritza Garapenerako Nazioarteko Funtsak dioenez, pobreziak, oraindik ere, landa eremuetan bizi diren biztanleei eragiten die batik bat. Erakunde horren arabera, munduan muturreko pobrezian bizi diren lagunen %70 nekazaritza eremuetan bizi da -1.000 milioi pertsona baino gehiago-.
NBEren eskumeneko erakundea da IFAD. 1977an sortu zuten, Afrikako Sahel eskualdeko goseteari irtenbidea bilatzeko asmoz. Handik aitzinera, landa eremuetako pobrezia desagerraraztea hartu zuen helburutzat. Gai horren inguruan nazioartea «kontzientziatzeko» asmoz, landa eremuetako pobreziaren 2011rako txostena aurkeztu zuen atzo Londresen.
Azken txostena 2001ean egin zuen IFADek. Ordutik honat, herrialde garatuetako landa eremuetan, muturreko pobrezia%48tik %34ra murriztu dela dio -egunean 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi diren pertsonak dira muturreko pobreak IFADentzat-. Horren ifrentzuan daude Saharaz hegoaldeko Afrika eta Asiako hegoaldea. 2001etik gaurdaino, Afrikako eremu horretan muturreko pobreziak gibelera egin duela dio IFADek, baina egoera «larria» da oraindik, landa eremuetako populazioaren ia %62 egunean 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi delako. Asiako hegoaldean, berriz, nekazaritza eremuetako munduko probreenen erdiak bizi dira. Txinako, Latinoamerikako, Ekialde Hurbileko eta Afrikako iparraldeko landaguneetan muturreko pobreen kopurua azken hamarkadan nabarmen jaitsi dela azpimarratu du IFADEk.
Baliabideen eskasia
Landa eremuetako pobrezia sortzen duten eragileak azaltzeko orduan, munduan egoera eta errealitate anitzak daudela zehaztu du IFADek, baita herrialde bakar baten barrenean ere. Hala ere, zenbait ezaugarri orokor antzeman ditu erakundeak. Errate baterako, baliabideak lortzeko zailtasun nabariak dituzte milioika nekazarik, eta baliabide horien artean daude oinarrizkoenak: ura eta lurra. Hortik aitzinera, trabak anitzak dira: aholkularitza eta finantzaketa lortzeko zailtasuna, hezkuntzarako aukera falta, eta azpiegitura eta merkatu eskasak. Traba horiek guztiek, gainera, sektore sozial jakin batzuengan eragin are nabarmenagoa dutela uste du IFADek. Emakumeak, gazteak, herri indigenak eta gutxiengo etnikoak dira talde horiek. Oztopoak gainditu eta pobrezia mailaren gainetik daudenak ere txirotasunean eror daitezkeela ohartarazi du IFADek, arrazoi ezberdinengatik: osasun arazoak, uzta txarrak, gatazkak, hondamendi naturalak, merkatuko prezioen desegonkortasuna...
Landa eremuetako egoera hobetzeko, ordea, erakundeak ez du inolako eredu sozioekonomikoren erreformarik proposatu, eta ezta kritikarik egin ere. Azken helburua eskala txikiko nekazaritza sistema produktiboak sortzea dela dio, eta horiek merkatuetan integratuta egon behar dutela, ingurumenarekiko jasangarriak izan behar dutela, eta hondamendiekiko, berriz, sendoak. Hori lortzeko, neurri orokorrak proposatu ditu IFADek: landa eremuetako azpiegituretan inbertitu, hango biztanleriaren hezkuntza zerbitzua hobetu...
Landak txiro jarraitzen du
NBEk argitaratutako txosten baten arabera, pobreziak nagusiki nekazaritza eremuei eragiten die; 1.000 milioi lagun baino gehiagori, guztira. Asian eta Afrikan daude landa eremurik pobreenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu